goiena.eus

Euskal selekzioarekin dabil Maren Lezeta

  Kirola  Aretxabaleta GAURKOAK

Aretxabaleta kirol elkarteko alebinen errendimendu taldeko kide den Maren Lezeta gazteari euskal selekzioak deitu dio. Otsailaren 8an entrenamendu saioa egin eta atzo, eguaztena, lehen partidua jokatu zuen Lezaman Bizkerre taldearen aurka; 5 eta 0 irabazi zuten.

Euskal selekzioak deitu dio UDAko Maren Lezeta (Aretxabaleta, 2005) jokalari gaztetxoari eta eguaztenean jokatu zuen lehen partidua. Getxoko Bizkerre taldearen aurkako lagunartekoa izan zen eta 5 eta 0 irabazi zuten: "Oso pozik nago. Hogei minutuko lau zati izan ditu partiduak eta txandaka jokatu dugu guztiok; nik bi zati egin ditut", jakinarazi zuen Lezetak bukaeran. Martxoaren 16an beste entrenamendu saio bat izango du.

"Talentudun jokalaria"

UDAk ilusio handiarekin hartu du euskal selekzioaren deia: "Beti da pozgarria halako deia, noski; pozik gaude bere lorpenagatik eta taldean sortu duen ilusioagatik", dio Iker Arriolabengoak, UDAko futbol eskolaren koordinatzaileak. Alebinen errendimendu taldean dihardu, hain zuzen, Lezetak, mutilekin: "Futbol eskolan sartu zenetik ikusi genion talentu handia zuela eta urtetik urtera maila ona eman du, onenetakoa talde barruan. Umeek era naturalean hartu dute nahastuta jokatzea; izan ere, futbolerako erraztasuna duenarekin ez da arazorik izaten eta Marenen talentuak eta jarrerak asko erraztu dute". Talentuaz gain futbolarekiko pasioa du Lezetak; ordu asko pasatzen ditu, umetatik, Ibarra futbol zelaian, baloi baten bueltan eta talde bat zein bestea jarraitzen. Aurrera begira izango duen ibilbidea nahiko argi dauka Arriolabengoak: "Maila ona dauka eta kirolari on baten ezaugarri guztiak ditu. Begiradan bakarrik atzematen zaio…".

Alebinen taldea sailkapen buruan

Azken partidua Kostkas taldearen aurka jokatu du UDAko alebinen errendimenduak, eta 3 eta 1 irabazi zuen joan den domekan. Partidu guztiak irabazita lehenengo dago sailkapenean 9 punturekin. Hurrengo partidua martxoaren 19an jokatuko dute, etxean, Danena taldearen aurka.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa