Ekintzaile berriendako lokalak jarriko dituzte Aralar kalean

Mirari Altube Arrese 2017ko mar. 1a, 10:00

Debagoieneko Mankomunitatearekin adostu du Udalak sei lokal egokitzea ekintzaile berrien enpresak kokatzeko. Hiru urtetan erabili ahal izango dituzte horiek eta Arrasaten dauden hamaseiekin osatu egingo dute Garapen Agentziaren eskaintza.

Udalak Aralar kalean dituen lokalak –tanatorioa egitekoak ziren lokalak– enpresa ekimenetara bideratuko dituzte. Hala adostu du Debagoieneko Mankomunitatearekin eta ekintzaile berriek enpresak kokatu ahal izango dituzte han.

Mankomunitateko Garapen Agentziak ekintzaile berriei zuzendutako zenbait zerbitzu ditu, besteak beste, prestakuntza ikastaroak eta bideragarritasun proiektuak. "Ekintzaile berriek enpresak kokatzeko izaten zituzten zailtasunak ikusita, Garapen Agentziak EZZ –Enpresa Ekimenetarako Zentroa– sortu zuen. Zentroaren helburua ekintzaile berriek behin behineko kokapena izatea da", jakinarazi du Aretxabaletako alkate eta Mankomunitateko presidente den Unai Elkorok.

Gaur egun, zentroak hamasei lokal ditu Arrasaten, Mankomunitatearen egoitzan hain zuzen ere. Hitzarmen horren ondorioz,  EEZk beste sei lokal izango ditu Aretxabaletako Aralar kalean. "Ekintzaileek edo enpresa promotoreek lokal horiek gehienez hiru urtez erabiltzeko eskubidea izaten dute; lehen bultzadatxoa izan ohi da, enpresa abian jarri bitartean", dio Elkorok.

Martxoan erabiltzeko

Lokal berri horien kudeaketa Garapen Agentziako teknikari baten esku egongo dela iragarri du alkateak. Lokalaren egokitzapen eta txukuntze lanak egingo dituzte orain, eta Aste Santutarako erabiltzeko moduan egongo direlakoan daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak