Aratusteetarako gertatze lanak bide onetik doaz

Mirari Altube Arrese 2017ko ots. 8a, 19:14

Aretxabaletako kuadrillak buru-belarri dabiltza Aratusteak gertatzen eta Udalak ere ez du atzera geratu gura. Hala, Txapel Txin egunerako eta Aratusteetarako gertatutako egitarauen berri eman du, baita nobedadeak iragarri ere, umeendako Txapel Txin, adibidez.

Txapel Txinek hamar urte beteko ditu datorren otsailaren 18an, eta hori behar bezala ospatu gura dute. Batetik, umeendako Txapel Txin egin dute aurten, eta bestetik egitarau dotorea gertatu. Eguerdian, kalejira izango da trikitilariekin eta ondoren kuadrillen arteko ginkana. Arratsaldean, 17:30ean, Birloque taldeak girotuko ditu herriko bazterrak eta ondoren, 18:00etan, torrada lehiaketa izango da.

Txapel Txinek 19:00etan iragarriko ditu Aratusteak, eta ondoren, sariak banatu. Ostean, txistorra mokadutxoa eskainiko dute sagardoarekin eta torradak dastatzeko aukera ere egongo da. Eta Avitxin DJak musikarekin girotuko du Herriko Plaza.

Aratuste-domeka

Otsailaren 24an, Aratusteak berotzen joateko, Leizarra musika eskolakoek jaialdia egingo dute Herriko Plazan (eguraldi txarrarekin Iturrigorri pilotalekuan). Egun handia, baina, Aratuste-domeka da eta eguna asteko Santa Ageda neska-mutilek txino dantza egingo dute ohiturari jarraituz: "1934an berreskuratu zen dantza hori eta 1975a arte gazteleraz abesten zen. Orduan euskaratu zen eta dantzariek egiten zuten dantzan", argitu du Joxe Migel Uribarren kultura zinegotziak.

Kuadrillen desfileak girotuko du ondoren, goiz partea eta bazkaltzeko Ibarra kiroldegian elkartuko dira: "650 lagun izango dira, gutxi gorabehera Aretxabaletako biztanleriaren %8. Txartel guztiak ordu pare batean saldu ziren eta badakigu leku barik geratu zirela hainbat baina herrian ez dugu hori baino gehiago hartuko dituen lekurik", jakinarazi du Joxe Migel Uribarren kultura zinegotziak.

Aratuste-martitzena

Martitzenean ikastetxeetako neska-mutikoen txanda izango da. Goizean dantzan eta kalejiran irtengo dute txarangak lagun eginda eta iluntzean agurtuko dituzte ospakizunak Txinen hiletarekin.

Zortzi kartel

Kartel lehiaketara zortzi lan aurkeztu dituzte, azken urteetan baino gehiago eta pozik agertu dira Kultura Saileko kideak: "Maila altukoak izan dira gainera, eta nahikoa lan izan du epaimahaiak bat aukeratzen". Irabazlea, Lara Gonzalez aretxabaletarra izan da.

Udalarekin batera Aratusteak gertatzen dabiltzan Karnabalen Lagunak taldea eskertu gura izan dute Kultura Saileko kideek, baita txistu taldea, Leizarra musika eskola, ikastetxeak, guraso elkarteak eta Santa Ageda neska-mutilak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak