Gogoz irten dira Aretxabaletako 1998ko kintoak Santa Ageda kantu-eskean

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko ots. 5a, 14:17

San Migelen hasi dira gaur goizean Santa Ageda eskean kintoak. Kalean ari zuen euriari aurre eginez, ozen eta gogotsu abestu dute. Hala ere, tarteka gustura artu dituzte herriko aterpeak eta etxe atariak. Atzo baserriz baserri kantuan ibili ostean, festaren azken txanpan sartu dira gaur.

"Ilusio bereziz" irten dira kalera gaur ere 1998an jaiotako kintoak Santa Ageda eskean. Azkenaldian egun hauek iristeko ilusioz egon ostean, nahiz eta euria egin, ez dira kikildu.

San Migelen hasi dituzte kantuak eta etxez etxe pasa dira, abestu ostean herritarrei "borondatea" eskatzera. Hainbat bitxikeria gertatu zaizkie gainera; atzerritar batzuei ohitura horren berri eman behar izan diete hainbat etxetan, eta gustura hartu dute, adibidez, GSR Debagoiena egoitzako aterpea eta berotasuna, han ere nagusiei gogoz abesten egon direlako.

Aretxabaletako 1998ko kintoak, aterpean.

Orain artekoarekin gustura

Egubakoitzean hasi ziren Santa Ageda eskean herriko tabernetan, dendetan eta eskoletan. Atzo, zapatua, berriz, baserri ugaritan abesten ibili ziren: "Baserri inguruetan abesten ibiltzea izan da gogorrena aldapa asko daudelako, baina eguraldiak atzo dezente lagundu zigun eta oso polita izan zen", adierazi du kintotako batek. Gaineratu du diruaz gain, baserrietan txorizoak, arrautzak, sagardoa edota ardoa eman dietela, eta asko eskertu dutela euren bisita.

Gaur, dantzak

Asteburuari behar bezalako amaiera emateko, dantzak egingo dituzte 19:00etan Herriko Plazan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak