Asier Mujika: "Errekorra lortu dugu Ibarra kiroldegian, 2.769 abonatu"

Mirari Altube Arrese 2017ko urt. 13a, 12:30
Asier Mujika kiroldegiko harreran.

Aurten beteko ditu Aretxabaletako kirol teknikari lanetan hogei urte Asier Mujikak eta otsailean urtebete Ibarra kiroldegiko arduradun. Pozik dago zabaldu zenetik izan duen bilakaerarekin.

Urtea bukatu aurretik eman zion Udalak kirol jardueren ardura Athlon enpresari beste bi urterako. Pozik zaudete haren jardunarekin?
Lau urterako izango da seguru asko, bi aldeok gustura baldin bagaude. Eta bai, pozik gaude. Dena den gure iritzia baino garrantzitsuagoa da erabiltzaileena. Iazko apirilean egin genuen gogobetetasun inkesta, eta abonatuak gustura agertu ziren. Ordutegia izan zen kezka gehien eragin zuena eta eskaerak ere hortik etorri ziren.

Astean bertan iragarri duzue ordutegia zabaldu egingo duzuela.
Bai; ez da samurra izango guztien interesak eta gogoak asetzea, horregatik aurten esperientzia pilotua egingo dugu. Urtarriletik apirilera bitartean domeka arratsaldetan zabalduko dugu 16:00etatik 20:00etara, oraingo domekan hasita. Maiatzetik abuztua bitartean goizeko 07:00etan irekiko dira ateak 08:00etan beharrean, eta aste bukaeratan ez dugu itxiko, hau da, 09:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Abuztuan astebetez itxiko dugu, 14tik 20ra bitartean, mantentze lanak egiteko. Eta azken lauhilabetekoan gaur egun dugun ordutegira itzuliko gara. Ondorioz, 158 ordu gehiago zabalduko dugu 2017an.

Eta emaitzen arabera 2018ko ordutegia zehaztuko duzue?
Hori da. Aldaketak eginda zenbat jende datorren neurtuko dugu eta jasotako emaitzekin erabakiko dugu merezi duen edo ez zabaltzeak. Horregatik, erabiltzaileak, kiroldegira sartzerakoan, tornutik pasatzea komeni da, horrek sarrerak zenbatzen dituelako, eta hala, datu zuzenak jasoko ditugu.

Urte berriarekin batera jarduera berririk abiarazi duzue?
Ez, guk ikasturteko eskaintza egiten dugu, irailetik ekainera bitartekoa. Iaz, 2015-2016 ikasturtean, %33ko igoera izan zuen jardueretako erabiltzaile kopuruak. Aurten datu horiei eutsi egin diegu eta batzuetan zertxobait igo. Gogobetetasun inkestan emaitza ezin hobeak izan dituzte jarduerek (8tik goragoak guztiek) eta baliteke hortik etorri izana gorakada.

Zenbat abonatu ditu kiroldegiak?
Errekorrarekin bukatu dugu 2016a, 2.769 abonaturekin; aurreko urtetik hona %14ko igoera izan da. Eta diru-sarrerek ia %20 egin dute gora; emaitza benetan onak dira eta bilakaera oso ona ematen dabil kiroldegia.

Zelako profila dute horiek?
Hutsune garrantzitsua dugu 65 urtetik gorakoen artean; abonatuen %4,7 dira bakarrik. Saiatu behar dugu horiek ere ekartzen. Eta egia da gaztetxoendako ez dituela zerbitzu asko, kirol talde baten barruan ez badabiltza behintzat, baina ahalegintzen gara ekintzak antolatzen.

Abonatuen topera iritsi da?
Nik uste ezetz. Gakoa da zerbitzu on bat ematea, eta herritarrek barneratzea kiroldegiaren leloa: Ibarrak, merezi dau! Hau da, zerbitzua ona bada, instalazioak ondo kudeatuta badaude eta prezioa egokia bada mereziko du eta kopuruak igotzen jarraituko du. Topera iristen egongo gara seguru asko, baina gehiago har ditzake; denborak esango du noraino heltzen garen.

Eta aurreko zelaian skate parkea zabalik dago, futbol zelaia egiteko asmoa ere aurrera doa… Markole izango da herriko kirol gunea?
Hemen pilatuko dira antza, bai, eta kalte baino gehiago mesede egingo dio horrek kirolari. Dena den, zelai horretan kirol berriendako lekua gorde beharko genukeela uste dut, erraketa kirolendako adibidez; horren gabezia dagoela uste dut: tenisa, padela… Baina futbolak beste lehentasun batzuk ditu…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak