Trebakuntza saioarekin, inauguratuta gelditu da skate parkea

Mirari Altube Arrese 2017ko urt. 5a, 15:19

Aretxabaletako Markole auzoko skate parke berrian trebakuntza saioa egin dute bertaratu diren gaztetxoekin, Arrasateko Arraska skate taldeak gidatuta. Horrekin inauguratuta gelditu da skate parkea eta arratsaldean txapelketak egingo dituzte. Gaztetxoak pozik dabiltza.

Inauguratu berri den skate parkea, hasiberriendako aproposa dela jakinarazi du Arraska skate taldeko Aitor Akizuk. Kaleko estiloa duen skate parkea da, 500 metro karratu ingurukoa, eta kaxak edo kaxoiak, eskudelak eta enborrak ditu, besteak beste.

Goizeko inaugurazio ekitaldian trebakuntza saioa egin dute: "Arrapaletatik zelan jaitsi, eskudeletan zelan ibili eta beste hainbat trikimailu erakusten gabiltza", adierazi du Akizuk. Materiala ere eurek eraman dute, proba egin gura zuen edonori uzteko. Arratsaldean, berriz, ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute, txapelketen bitartez: "Hainbat kategoria zehaztuko ditugu, eta sari asko banatu", gaineratu du Akizuk.

Emaitzarekin gustura

Kalitatezko parkea dela jakinarazi du Akizuk: "Ondo dago benetan, aspaldian hain parke onik ikusi gabe geunden", eta gaineratu du: "Parke batek ez dauka zertan handia izan. Hobe da neurrikoa izan eta ondo egindako lau gauza eduki".

Contratas Fer enpresak egin ditu lanak eta ia 80.000 euroko kostua izan du. "Diru gutxiago geneukan aurreikusita baina proiektua egiterakoan hainbat lagun gerturatu zitzaizkigun esanaz ez egiteko u itxurako ohiko parke bat. Arkitektoak bere aldetik diru gehiago bideratzeko aholkatu zigun parke itxurosoa egiteko, eta Aldundiaren diru-laguntza bati esker egin dugu", jakinarazi du Unai Elkoro alkateak. Eta emaitzarekin gustura agertu da: "Ingurua txukuntzea geratzen da oraindik, lurra landu eta hazia botatzea belarra hasteko, eta hori egindakoan polita geratuko da". Gazteek jakinarazi diote argi gehiago behar duela inguruak iluntzen duenean: "Aztertuko dugu eskaera, baina gau guztirako behintzat ez dugu jarriko argirik".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak