Futbol zelai berriaren proiektua eginda dauka Udalak

 Aretxabaleta GAURKOAK

Aretxabaletako Markole auzoan zelaian futbol zelai berria egingo du Udalak. Proiektua eginda dauka eta Aldundiaren diru-laguntza deialdira aurkeztuko du orain, urtarrilean, finantzatzen lagun diezaion.

Aretxabaletako Ibarra kiroldegi aurreko zelaian, Markole auzoan, futbol zelaia egiteko asmoa du Udalak. Proiektua dagoeneko eginda dauka, eta Foru Aldundiak egingo duen diru-laguntza deialdira aurkezteko asmoa du; izan ere zelai horren aurrekontua 300.000 eurotik gorakoa da. Urtarrilean bertan egingo duela laguntza horren deialdia uste du Unai Elkoro alkateak.

Udalak bere aldetik, 2017ko aurrekontu zirriborroa eginda dauka eta partida bat ireki dute futbol zelaiarendako. Alkateak onartu du euro bakarra jarri dutela hor, eta otsail bukaerarako laguntzen emaitzaren berri izango dutenez, orduan erabakiko dutela nondik bideratu dirua. Dena den, aurten martxan egotea gurako luke.

Ibarran 500 gazte

Futbol zelai txikia izango da, 50 metro luze eta 30 metro zabal; zazpiko futbolean jokatzeko tamaina izango du. Aretxabaleta kirol elkartearen eskaera bati erantzun nahian dator proiektua. Izan ere, 500 gazte inguru elkartzen dira orain Ibarra futbol zelaian. Dena den, edonorendako egongo da zabalik entrenamendu eta partidu orduetatik kanpo.

Aldundiaren diru-laguntza deialdia lau urtera begirakoa da, horregatik beste proiekturen bat ere aurkeztuko du Udalak, Iturrigorri pilotalekuaren sabaia konpontzeko, esaterako. Era berean, futbol zelai berriaren inguru guztia txukuntzeko laguntza eskatzea ez dute baztertu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa