Bertso liburua jaso dute 2015ean jaiotako umeek Lekaixokako bertsolarien partetik

Mirari Altube Arrese 2016ko abe. 2a, 17:00

Bertso liburua egin diete 2015ean jaiotako neska-mutikoei Lekaixoka bertso eskolako kideek. Ia berrogei umeren argazkiekin eta bertsoekin osatu dute liburua eta atzo banatu zieten gurasoei, Arkupen egindako ekitaldi goxoan.

Lekaixoka bertso eskolak, Udalaren babesarekin, bertso liburua egin die ume jaioberriei bigarrenez. Aurten, 2015ean jaiotako neska-mutikoei eskaini dizkiete bertsoak eta bakoitzaren argazki banarekin osatu dute gero liburua. Atzo, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperatan egindako ekitaldian banatu zieten hori Arkupen; hain zuzen Goio, Beñat eta Gari Arrieta musikarien doinuek sortutako giro goxoan.

Berrogei umeri bertsoa

Ekimena errotzen dabil herrian eta horren berri ahoz aho ere zabaldu da gurasoen artean. Horregatik hain zuzen, iaz baino eskaera gehiago jaso dituzte; iaz hogeita hamarren bat umeri egin zieten bertsoak, eta aurten ia berrogeiri. 

Lekaixokako kideek, zortzi bat bertsolarik, lan mardula egin dute ume bakoitzaren gainean bertsoak gertatzen. Horretarako, umeen gaineko ezaugarrien berri eman dizkiete gurasoek.

Harrobia ereiten

Iaz abian jarritako ekimenaren helburua izan da bertsoa herritarrei gerturatzea. Hain zuzen, atzo liburua jasotako neska-mutiko horiek osatuko dute, behar bada, Aretxabaletako bertsolarien harrobia etorkizunean; zeinek daki. Hazia ereiten behintzat badabiltza Lekaixokako kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak