goiena.eus

Errekan behera herriko historia ezagutzen

  Kultura  Aretxabaleta

Loramendi Elkarteko Toponimia taldeak antolatutako 8. ibilbide historikoa egin zuten atzo, zapatua. Aurtengoaren izena 'Errekan behera' zenez, Urkulu errekako bazterretatik aritu ziren. Presaren funtzionamendua eta errekaren baitan sortutako istorioak aztertu zituzten, eta ibilbidean 20 aldiz zeharkatu zuten erreka alderik alde. 

Beste behin, Loramanedi elkarteko toponimia taldeko kideek Aretxabaleta hobeto ezagutzeko ibilbide historikoa prestatu dute. Artengo edizioa Urkulu errekaren arroa hobeto ezagutzeko asmoarekin antolatu dute, eta atzo goizeko giro onarekin egin zuten Errekan behera deitutako ibilbidea.

08:00etan egin zuten hitzordua Aretxabaletako plazan, eta 08:30 Larrinon ekin zioten ibilbideari 35 lagun inguruk. Urkuluko presan egin zuten lehen geldialdia. Bertako teknikariek presaren funtzionamendua eta sekretuak azaldu zizkieten eta jendearengan harrera ona izan zuen. "Kanpotik horma soil bat ikusten dugu, baina interesgarria izan da honen tripetan sartzea. Presaren funtzionamenduak eskaintzen dituen aukerak ezagutu ditugu, eta polita izan da horma barruko tuneletan zehar aritzea" adierazi du Martin Berrizbeitia Loramendi elkarteko teknikariak.

Argazkia: Ibilbideko partaideak presako tuneletan zehar.

Presari bisita egin ostean Urkulu ibaitik behera ibiltzen hasi ziren. Ibilbidean zehar 20 aldiz zeharkatu zuten ibaia alderik alde, eta honen baitan sortutako istorioak ezagutu zituzten. Horietako bat Ramon Benavente Freixas idazlearen El caserio Ysasmendi de Goronaeta, cuna de los Ysasi Ysasmendi liburutik aterako pasarte bat zen. 1800. urtean Barrenzubietan errekako putzu batean Cristobal Ysasi Ysasmendiren gorpua azaldu zen. Aurkitu zutenek apaizari eta agintariei eman zieten horren berri gorpua uretatik atera gabe, eta bueltatu zirenerako gorpua ez zegoen. Euri zaparrada baten eraginez gorpuak errekan behera jarraitu zuen, Bergaran agertu zen arte.

Ibilaldi erdian, Urzabal baserrian, beste geldialditxo bat egin zuten hamaiketakoa egiteko, eta hau egin ostean Galarrixa menditik Larrinora itzuli ziren.

 

Erantzunak

Erantzuna | #1

Urzabal baserria (ez Agurzabal)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa