Errioxa, Gaztela eta Leon, Galizia, Extremadura eta Euskal Herriko ordezkariak izango dira beste behin, Herriko Plazan. Jatekoa eta edatekoa eskainiko dituzte horiek, besteak beste, txitxi-burruntziak, hestebeteak, olagarroa, urdaiazpikoa, finoa eta Errioxako ardoa. Jan eta edan bitartean kantuek eta dantzek girotuko dituzte bazterrak. Errioxako Voces del Ebro taldearen emanaldia izango da batetik, eta Galizia etxeko eta Gaztela eta Leongo San Fernando taldeen dantza saioak, bestetik. Aurten, lehenengoz, Basotxokoen eskutik datorren Kalean kantuz ekimenak bat egingo du jaialdiarekin, eta Deba ibarreko erretiratuek kantuan jardungo dute kaleetan.
22. patxaran lehiaketa
Patxaran lehiaketak ere ez du hutsik egingo. Aurrekoetan legez, norberak etxean egindako edaria aurkeztu beharko da Herriko Plazan 11:00etatik 14:00etara bitartean. Botilen originaltasuna ere kontuan hartuko dute epaimahaiko kideek. Sari banaketa 17:30ean egingo dute plazan bertan.