Edukiontziak noiz jarri martitzenean jakingo dute

Mirari Altube Arrese 2016ko ira. 29a, 15:30

Edukiontzi berriak iritsi dira herrira. Baina oraindik ez daude kaleetan, biltegian baizik, eta horiek muntatzen dabiltza langileak. Debagoieneko Mankomunitateko ordezkariek emandako data, iraileko azken astea, atzeratu egingo da hainbat arrazoi tarteko, eta data berria datorren martitzenean erabakiko dutela jakinarazi dute.

Atzerapenaren arrazoiak hainbat dira. Batetik dago egokitzapen txiki bat egin beharra txipa izango duten edukiontziei, hau da, grisei eta marroiei: "Sarraila berria da eta edukiontziak egokitzapena behar du", jakinarazi du Elkorok.

Eta bestetik, edukiontziendako zehaztutako bi guneren azken orduko aldaketa. Bata, Iralabarri plazakoa da; proposatutakoaren ordez orain zintzilikarioak dauden lekuan bertan jarriko dira. Eta bestea da Araba ibilbidearen 22. atarte ingurukoa. Azken aldaketa horrek, gainera, kamioiaren ibilbidean ere eragina izango du. "Orain zintzilikarioak dauden lekua dela-eta kexa asko jaso ditugu, eta horregatik, beste aldera pasatuko da gunea. Kamioiak, baina, eskumatik jaso behar ditu edukiontziak eta horrek ibilbide aldaketa ekarriko du".

Horiek guztiak konponduta sistema aldaketaren data zehatza datorren martitzenean erabakiko dutela adierazi dute. Izan ere, zerbitzua ematen duen Cespa enpresarekin ere oraindik hainbat kontu dituzte lotzeko: "Bi langile eta erdiri eragingo die sistema aldaketak. Eta ahalik eta kalte txikiena eragin dezan ahalegintzen gabiltza". Behin Aretxabaletan ere sistema aldatuta, "132.000 euro aurreztuko dituela mankomunitateak urtero" uste dute.

Txartelak informazio gunean

Txipa duten edukiontziak zabaltzeko txartelak herritarren %80ak dagoeneko jaso ditu: "Hori asko da, kontuan hartua %10 inguru ez dela banatzen hainbat arrazoirengatik", dio Elkorok. Oraindik jaso ez duenak Durana kaleko informazio gunera jo dezake goizetan (09:30-13:30); aste honetan egunero, eta datorren astean martitzenetan eta eguenetan. Inork eragozpenik izanez gero ordutegi horretan pasatzeko informazio bulegoan edo Mankomunitatean jakinarazi dezala eta txartela Arkupeko harrerara eramango diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak