Edukiontzi bidezko hondakin bilketa, urrian

Mirari Altube Arrese 2016ko ira. 23a, 15:36
Herritarra komentura bidean txartela jasotzeko.

Atzeratu egingo da zertxobait, zerbitzuaren nondik norakoak negoziatzen dabiltzalako Cesparekin, baina urriarekin batera kalean izango dira edukiontziak. Txartela oraindik jaso ez dutenek Durana kaleko informazio gunera jo behar dute.

San Migel jaien ostean, iraileko azken astean, jarriko zituztela hondakinendako edukiontziak kaleetan jakinarazi zuten Debagoieneko mankomunitateko eta Udaleko ordezkariek. Seguru asko beste astebetez atzeratuko dela iragarri du Unai Elkoro alkateak: "Edukiontziak egunotan dira iristekoak, eta gero, horien muntaia lana samur egingo da. Kontua da bilketa zerbitzua emango duen Cespa enpresarekin ez dugula oraindik guztia lotuta; negoziatzen gabiltza". Hala, irailean baino urrian seguruago izango dela bilketa sistema aldaketa gaineratu du.

Era berean gogorarazi du edukiontziak behin kalean daudenean, horiek erabiltzen hasi beharko dutela herritarrek: "Edukiontziak erabili beharko dira derrigorrean zintzilikarioetatik ez delako jasoko".

Komertzioek bi aukerak

Komertzioei dagokienez bi sistemak erabiliko dituzte. Hondakin organikoa eta papera eta kartoia atez ate jasoko diete orain arte legez, eta ontzi arinak eta errefusa edukiontzietara bota ahal izango dute. "Edukiontzira botatzea erosoagoa delakoan gaude, eta horregatik proba egingo dugu Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Papera eta kartoia, ostera, asko pilatzen da komertzioetan eta edukiontzia bete egingo luketenez atez ate jasotzen jarraitzea erabaki dugu", azaldu du alkateak.

Txartelak Durana kalean

Astean dihardute banatzen edukiontzi marroia eta grisa zabaltzeko txartelak. Herritar guztiek izan dute jasotzera joateko deia baina guztiek ez dute izan komentutik pasatzerik. Horiek Durana kalean dagoen informazio gunera jo beharko dute datorren astean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak