Neska guztiei zabalik hasi da lanean Arizmendi-UDA

Mirari Altube Arrese 2016ko ira. 23a, 09:05
Seniorrak, joan den zapatuan, Mondraren aurkako lagunartekoa jokatu aurretik.

Arizmendi kirol elkarteak eta UDAk bat egin dute nesken futbola indartzeko helburuarekin, eta Arizmendi-UDA izenarekin jokatuko dute hemendik aurrera. Aste bukaeran hasiko dute denboraldia eta lehen partiduak etxean dituzte.

Orain arte legez hiru talde osatu dituzte: kimuak (17 jokalari); kadeteak (19) eta seniorrak (17). Entrenatzaileei dagokienez, hainbat aldaketa egon dira. Hala, kimuen ardura hartu dute Ane Vicentek eta Aritz Elorzak; kadeteena, Asier Castellanok eta Jon Ander Alberdik; eta seniorrena Esti Loitik, Titu, eta Roberto Etxeandiak, eta laguntzaile lanetan ibiliko da Urri Urizar.

Talde horietako bik aste bukaeran ekingo diote denboraldiari eta biek jokatuko dute etxean, Ibarra futbol zelaian. Seniorrek Mutriku izango dute aurrez aurre bihar, zapatua, 12:45ean; eta kadeteek, Bergara, etzi, domeka, 16:30ean.

Baldintza duinak

"Emakumezkoen futbolak behera egin duela bailaran konturatu gara eta baldintza duinak eta aukera berdinak eskaini gura dizkiegu jokalariei", jakinarazi du Urtzi Amianok, Arizmendiko kideak, eta gaineratu du guztiek dutela tokia Arizmendi-UDA taldean.

UDAk ere nesken futbola indartzearen aldeko apustua egin du. Hala, jakinarazi du, ahalegin berezia egin dutela zelaia erabiltzeko orduan lehentasuna ematen, entrenatzaile egokiak bilatzen eta jokalariekin batera proiektua adosten eta elkarlana bideratzen. "Gazte-gaztetatik futbolean jokatzeko azpiegitura egokiak izatea oso garrantzitsua da, emakumezkoen futbola indartu gura badugu", diote. Entrenatzaileen kasuan emakumezkoak izateari garrantzia eman diote. Aurrera begira ere jarri dira, eta erronka handia dute: "Ametsa da urte gutxi barru lehenengo mailan egotea Reala, Athletic eta Oiartzunekin batera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak