Komunikazioa, berdintasuna eta dibertsitatea, mural baten irudikatuta

Leire Kortabarria 2016ko ira. 18a, 16:09

Komunikazioa, kultura dibertsitatea eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna mural handi baten irudikatu dituzte Gu Haziak Gara eta Aretxabaletako emakume feministen taldeko kideek, Ilargi plazako bizilagunen laguntzarekin. Murala domekan inauguratu dute.

Domekan bistaratutako murala orain lau urte jaiotako amets baten emaitza da, integrazioaren alde lan egiten duen Gu Haziak Gara taldeko Paloma Martinezek azaltzen duen moduan. Amets hori egia bihurtzeko beharrezkoa zuten diru-laguntza bat lortu eta gero, herriko emakume feministen taldera zuzendu ziren, eta haiek bat egitea erabaki zuten. Han islatu behar ziren komunikazioa, kultura dibertsitatea eta berdintasuna.

Muralean ze elementu zehatz agertu behar ziren erabakitzeko, ideia-zaparrada egin zuten gero. Elementu horiekin, "taldeko artistek -Izaro Sanchezek, Idoia Elexpuruk eta Amalia Ormaetxeak- zirriborro batzuk egin zituzten, eta horien gaineko bozketa egon zen gero; 200 lagun inguruk parte hartu zuten", dio Paloma Martinezek.

Zirriborroa aukeratu eta gero, lanean hasi zen bi taldeetatik sortutako "talde muralista". Ilargi plazako bizilagunak ere gehitu zitzaizkion proiektuari. Hala, hasieran bakarrik emakumeek egindako proiektu bat izan behar bazen, "pixkana-pixkana gizonezkoak ere hurbiltzen joan ziren, naturaltasunez, eta konturatu ginen hori ere bazela dibertsitatea eta parte-hartzea", dio Martinezek. Horrenbestez, askotariko jendeak parte hartu du; gazteena 6 urteko mutikoa izan da, eta nagusiena, 68 urteko gizonezkoa. Gainera, "ikustera ere etortzen zen jendea, eta hori ere parte hartzeko modu bat da, izan ere, horrek motibatu egiten gintuen", dio Paloma Martinezek.

Besarkada, emozioak ulertzeko gaitasuna

Muraleko elementu nagusiak dira txoriak, aurpegi bat, euria, jaima bat, besarkada bat eta borroka feminista, eta bere esanahia dute: "Txori guztiak berdinak dira askatasuna dutelako, hegan egiteko aske direlako; bestalde, besarkadak adierazten du emozioak transmititzeko eta ulertzeko gai garela, hizkuntza desberdinak egin arren; eta euriak denok bustitzen gaitu berdin".

Mural horren harira, tabernako arduradunek euren horma margotzea proposatu zieten, eta hortik jaio da bigarren mural txikiago bat. Mural nagusiak 60 m2 inguru ditu.

Horma-irudi txikia uztailaren 17an bukatu zuten, eta nagusia, abuztuaren 1ean.

Aurkezpenean 60 bat lagun izan dira; ume dezente ere bai, eta makiltxodun kometak eta papiroflexia tailerra izan dituzte. Pantaila baten erakutsi dituzte muralaren pauso guztiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak