Ohorezko jokalarien eta bazkidearen izendapenarekin borobildu du ikasturtea Aretxabaleta Kirol Elkarteak

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko uzt. 16a, 14:01
Ohorezko bazkide Seberiano Iturbe ohorezko jokalariaren saria jaso duten kirolariez inguratuta. (Argazkia: @UDAofiziala)

Zuzendaritza pozik da urteak emandakoarekin. Futbolean galdu egin dute hirugarren maila, baina gainerakoan elkarteko kirolariek emaitza politak lortu dituzte. Balantze ekonomikoa ere positiboa da, eta elkarteari aukera berriak eskainiko dizkion proiektuak dituzte esku artean: futbol zelai berria eta elkartearen egoitza Durana kalean.

Atzo, egubakoitza, urteko batzar orokorra egin zuen Aretxabaleta Kirol Elkarteak (UDA). Bazkideek goraino bete zuten Arkupeko Zaraia aretoa, eta arduradunek hainbat datu eman zituzten. Elkarteak dituen bi presidenteek gidatu zuten batzarra: futbol saileko presidente Adrian Merinok eta gainerako sailetako presidente Agurtzane Elkorok.

"Kirol arloan urte ona izan da", azpimarratu du Merinok. "Egia da futbolean hirugarren maila galdu dugula, baina orokorrean emaitzak oso positiboak izan dira bai futbolean bai elkarteak dituen gainerako sailetan". Kalean egindako kirol ekintzek emandakoarekin ere pozik dira elkartean: "Betiko martxa izan dugu", esan dute. Gogoratu behar da zazpi sail dituela Aretxabaleta Kirol Elkarteak: futbola, areto futbola, gimnasia erritmikoa, karatea, mendia, pilota eta txirrindularitza.

Diru kontuekin lotuta bost mila euroko superabitarekin amaitu du urtea Aretxabaleta Kirol Elkarteak, eta arlo ekonomikoarekin ere pozik dira.

Berritasunak: armarria, futbol zelaia eta egoitza

Elkartearen 70. urteurrena dela-eta armarria berritzeko lehiaketa deitu zuen Aretxabaleta Kirol Elkarteak. Epaimahaiak aukeratu du irabazlea eta urteko batzarrean eman dute erabakiaren berri. "Lan asko aurkeztu dituzte eta irabazlea Jon Ander Alberdik egindako armarria izan da. Armarri hori erabiliko dugu hurrengo urteetan", esan du Merinok. Aretxabaletarra eta UDAko bazkidea da Alberdi. Elkartetik argitu dute gauzak ondo egin dituztela, eta epaimahaiak ez duela egileen inguruko informaziorik izan aukeraketa egin aurretik. 

Aurrera begira erronka potoloak ditu Aretxabaleta Kirol Elkarteak, horien artean futbol zelai berria egitea. "Kiroldegiaren eta futbol zelaiaren artean dagoen eremuan futbol zazpiko zelai berria egingo dugu. Udalarekin akordio batera iritsi gara. Horrek aukera emango digu neskei mutilak dituzten baldintza berdinak eskaintzeko, neskak UDAren estruktura berdinean integratzeko eta futbolean egin nahi duten gaztetxo guztiei ateak zabaltzeko". 

Elkarteak, bestalde, klubaren egoitza irekiko du Durana kalean. Zenbait egokitzapen lan egin behar dituzte oraindik, baina aurreikusten dute udazkenerako bulego berria zabaltzea.

Ohorezko jokalariak eta bazkidea

Urteko batzarrean une hunkigarriak ere bizi izan zituzten atzo, batez ere ohorezko jokalarien eta bazkidearen izendapenean. Sail bakoitzetik eta futbol talde bakoitzetik jokalari bat saritzen du elkarteak urtero. "Lortutako emaitzak baino kiroltasuna saritzen dugu, baloreak: taldekide ona izatea, errespetuz aritzea, taldea egitea…".

Ohorezko bazkidea ere saritu dute. Aurten, Seberiano Iturbe izan da. "Bizitza guztia eman du UDAko gauzetan lanean: belarra mozten, harmailak garbitzen, tabernan, sarreran… denean egon da. Bizitza guztia eman du atzeko lanetan eta eskertu egin nahi izan diogu", esan du Merinok. "Bazkide eredugarria da". Hunkituta jaso zuen saria Iturbek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak