136 edukiontzi erosiko dituzte irailean jartzeko

Mirari Altube Arrese 2016ko uzt. 15a, 08:00

Joan den martitzenean erabaki zuen Debagoieneko mankomunitateak zeini esleitu edukiontziak egiteko lanak: Plastic Omnium Sistemas Urbanos enpresari, hain zuzen. Hala bada, lehenengo Arrasaten eta gero Eskoriatzan eta Bergaran jarritakoak bezalakoak izango dira Aretxabaletakoak.

Lehiaketara bi enpresa aurkeztu ziren, baina bata atzera bota zuten eskatutako baldintza guztiak ez betetzeagatik.

Lau edukiontzi izango dira: papera eta ontzi arinak jasoko dituztenek 3.000 litroko edukiera izango dute; eta errefusa eta hondakin organikoenak 2.000 litroko edukiera eta txipa. Bakoitzetik 34 inguru jarriko dituzte, hortaz, guztira, 136. Horien kokalekua dagoeneko zehaztuta daukate Udal ordezkariek. Hala ere, herritarrekin adostu gura dute eta horretarako ikusgai jarri dituzte planoak; atzotik daude komentuko elizan hilabetea bukatu artean. Hona hemen ordutegia: 10:30etik 12:30era eta 17:30etik 19:30era.

Merkataritza eta ostalaritza zerbitzuetako kideen iritzia ere jaso gura dute: "Horiekin bilera egiteko asmoa daukagu datorren astean", jakinarazi du Unai Elkoro alkateak. Edukiontziak irail bukaeran jarriko dituztelakoan dago Elkoro.

Azbe lantegiaren planoak

Bestetik, Azbe lantegia izandako lursailaren planoak ere ikusgai izango dira komentuan, uztaila bukatu artean –ordutegi berean–. Industri erabilera izatetik erabilera komertzialera pasatu gura dute Azbe, supermerkatu bat egiteko han, eta prozesua dagoeneko abian da. Herritarrek 30 eguneko epea izango dute alegazioak aurkezteko, eta egunotan Udaleko Hirigintza Saileko ordezkari bat egongo da komentuan azalpenak emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak