Paisaiak izan dituen aldaketak aztergai Urkulura irteera eginda

Mirari Altube Arrese 2016ko eka. 9a, 18:00
Urkulu inguruko paisaia.

Paisaia zelan aldatu den azken 50 urteotan ezagutzeko irteera antolatu du Udaleko Ingurumen Sailak Urkulu ingurura. Fermin Lezeta basozainak egingo ditu gidari lanak, eta bertatik bertara eman aldaketon berri. Domekan, ekainaren 12an, da irteera; Otalorako aparkalekuan elkartuko dira, 11:00etan, bueltari ekiteko.

"Aldaketa sozio-ekonomikoaren eraginez gure inguruko paisaiak izandako aldaketaren berri ematea da asmoa; lursailen jabeen beharren araberako aldaketak izan dira sarritan. Nire esperientziatik abiatuta emango dut horren berri, historian zehar, batez ere azken 50 urteotan, zelan joan den aldatzen hausnartuko dugu elkarrekin inguruari behatuta", jakinarazi du Lezetak.

Aozaratza auzoko Otalora dorretxeko aparkalekutik abiatuta Larrino aldera egingo dute elkartzen direnek, eta handik aztertu inguruko bazterrak. Paisaiari erreparatuta bertako espezieen eta azken urteotan kanpotik etorri eta indarra hartu dutenen berri ere emango du besteak beste, basozain eskoriatzarrak: "Landaretzaren gainean jardungo dugu, baita animalien gainean ere".

Irailean ekimen gehiago

Ekainaren 5ean ospatzen den Ingurumenaren Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta antolatu du Udalak domekako irteera. "Horrekin batera beste hainbat ekintza egitea zen gure asmoa, Urkulu garbitu, esterako, azken urteotan egindako moduan, baina azkenean irailera atzeratzea erabaki dugu", jakinarazi du Ingurumen Saileko teknikari Anabel Diazek. Horrekin batera beste ekintzaren bat edo beste egingo dutela irailean gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak