Herri galdeketa

Botoak jaso eta jaso dabiltza Pagaldaixeneko hautetsontzian

Mirari Altube Arrese 2016ko mai. 26a, 18:00
Botoa ematen Pagaldaixenean.

Erabakitzeko eskubidearen gaineko iritziak jasotzen hasita daude Aretxabaletan. Botoa aurrez emateko aukera dute egunotan herritarrek Pagaldaixenean, ekainaren 4a bitartean. Eta galdeketa eguneko prestatze lanak ere aurrera doaz.

Hona hemen ordutegia: astelehenetik egubakoitzera, 18:30etik 20:30era; eta zapatuetan, 11:00etatik 14:00etara. Pagaldaixenean dago hautetsontzia eta handik pasatu behar da. Auzoetara ere iritsi gura dute Erain Debagoieneko kideek; domekan, maiatzaren 29an, joango dira.

Domekan, gainera, Urkulura bizikleta martxa egingo dute.  Bergaratik, Arrasatetik, Oñatitik eta Eskoriatzatik etorriko dira; Aretxabaletan elkartuko dira guztiak Urkulura igotzeko. Oinez eta autoz ere joan daiteke eta han gutun erraldoia irudikatuko dute.

Bertsolariak ekainaren 3an

Lekaixoka bertso eskolak ere bat egin du Erain Debagoienarekin, eta ekainaren 3rako antolatu duten ikasturte bukaerako jaia Pagaldaixenean izango da, 19:30ean. Nerea Elustondo (Legazpi, 1981) eta Aitor Sarriegi (Beasain, 1976) bertsolariek girotuko dute ekitaldia.

Galdeketa eguna

Aretxabaletako lantaldeak gertu dauka ekainaren 5eko egitaraua. Pagaldaixeneko ateak –hauteslekua– zabaltzearekin batera jai giroa nagusituko da herrian; izan ere, txistulariek, trikitilariek, gaitariek, buruhandiek eta beste hainbatek jardungo dute kaleetan gora eta behera. Hala, herritarrak animatu gura dituzte botoa ematera.

Herri bazkaria ere izango da. Mitarte kalean jarriko dituzte mahaiak eta paella gertatuko dute guztiendako. Txartelak dagoeneko salgai daude honako taberna hauetan: Bedarreta, Orly, Gurea, Kixkor, Haizea, Urbaltz eta Eguzki. Prezioa da 10 euro helduendako, eta 6 euro, umeendako; erosteko azken eguna izango da ekainaren 1a.

Egitaraua osorik:

  • 09:00 Txupinazoa eta mahaien irekiera
  • 09:30 Diana txistulariekin.
  • 11:00-14:00 Puzgarriak.
  • 11:30 Trikitilariak.
  • 12:30 Kantu poteoa.
  • 13:30 Lekaixokaren eskutik bertso saioa.
  • 14:30 Herri bazkaria, Mitarte kalean.
  • 17:00 Street boulderra.
  • 17:30 Gaitariak eta buruhandiak.
  • 18:00 Trikitilariak.
  • 18:00 Bolo txapelketa.
  • 19:00 Abesbatzaren emanaldia.
  • 20:00 Mahaien itxiera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak