Nerabeen beharrak eta gabeziak jaso ditu Udalak txosten batean

Mirari Altube Arrese 2016ko mai. 19a, 12:00

Udaleko Ongizate eta Prebentzio sailek eskatuta, herriko nerabeek dituzten gabezien eta beharren gaineko azterketa egin dute kale hezitzaileek, Nerea Egurza eta Nerea Zubillaga aretxabaletarrek eta Miren Zaloña bergararrak. Horretarako, egon dira 12 eta 18 urte bitarteko 213 gazterekin; Aretxabaletako gazteen %40rekin, hain zuzen ere. Horiez gain, gurasoekin eta gazteekin lan egiten duten hainbat elkartetako ordezkariekin ere elkartu dira.

Beharrak eta gabeziak identifikatzearekin batera, gazteen ongizatea sustatzea da ikerketaren helburua. Horretarako, bost arlo hartu dituzte kontuan: pertsona; familia; aisia eta parte-hartzea; hezkuntza; eta gizartea.

Arlo pertsonalari dagokionez, autonomia sustatu eta adimen emozionala landu beharra agertu dute, besteak beste. Familia arloan gurasoek duten orientazio beharra erakutsi du ikerketak; eta arlo sozialari dagokionez kontsumismoa, indibidualismoa eta helduen artean erreferentzia falta igarri dituzte, euskararen erabilera jaitsierarekin batera. Aisialdiaren kasuan espazio beharra adierazi dute gazteek, baita parte-hartzeko gune falta ere. Eta hezkuntzari dagokionez alor emozional-afektiboaren lanketa urria ematen dela jaso dute, besteak beste.

Esku-hartze ildoak eta proposamenak

Behin egoera ezagututa, hainbat proposamen eta esku-hartze ildo zehaztu dituzte kale hezitzaileek; hamalau guztira. Baita hainbat programa proposatu ere: kale heziketa programa; guraso eskola; hezkuntza eta guraso foroa; eta elkarteen foroa. Garrantzitsutzat jo dute gogo handia igarri izana gazteekin lan egiteko: "Bidea egiteko egon arren, gogoa eta indarra antzeman ditugu; izan ere, gazteekin ganoraz lan egiteko gogo handia dago herrian".

Ikerketa hori aurkeztu diete Udal ordezkariei eta gazteen inguruan dabiltzan arduradunei: "Herriko gazteen argazki osatua erakutsi digute. Egindako proposamenei jarraipena ematen saiatuko gara orain", adierazi du Karmele Uribarrik, Ongizate Saileko zinegotziak. Ikerketa lan guztia herritarren eskura jarri dute Udalaren webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak