Tronboi-joleen topaleku izango da Aretxabaleta domekan

Mirari Altube Arrese 2016ko mai. 19a, 08:00

Tromboneitor Rock topaketak tronboi-joleen topagune bihurtuko du Aretxabaleta, domekan. Gipuzkoako musika eskoletako 100 ikasle baino gehiago elkartuko dira eta rock doinuak eskainiko dituzte goiz partean.

Euskal Herriko musika eskolen elkarteak 2010ean antolatu zuen lehenengoz topaketa; eta Hondarribian antolatutako haren arrakastak urtero egitera animatu ditu antolatzaileak: "Helburua da tronboi-joleak elkar ezagutzea, ondo pasatzea eta tronboia ezagutaraztea", argitu du Mariatxen Urkiak, Leizarra musika eskolako zuzendariak.

Hala, Aretxabaletako hiru ikasleekin batera –Samuel Ramirez, Ander Ribera eta Gari Sarasua– izango dira Bergarakoak, Azpeitikoak, Azkoitikoak, Ordiziakoak, Debakoak, Mutrikukoak, Tolosakoak, Donostiakoak eta Loatzo eskolakoak.

Kalejira eta kontzertua

09:30ean elkartuko dira guztiak Herriko Plazan, eta soinu probak egingo dituzte. 11:30ean, hamarretakoa izango dute eta ondoren, kalejira; 12:30ean eskainiko dute kontzertua plazan. Rocka izango du oinarri topaketa guztiak: "Garai eta estilo askotako doinu ezagunak joko dituzte; Pink Floyd, Vangelis, La Oreja de Van Gogh eta beste hainbat talderen kantuak", adierazi du Urkiak.


Oinarrizko instrumentua

Tronboia haize-instrumentu berezia da: "Gainerako haize-instrumentuetan ez bezala soinua sortzen dugu ezpainen bibrazioarekin. Gainera, bara edo makila erabiltzen dugu behe-soinuak ateratzeko", jakinarazi du Susana Plumedek, Leizarrako irakasleak.

Instrumentu garrantzitsua dela gaineratu du: "Behe-soinuak oinarrizkoak dira, eta tronboirik ez dagoenean zerbaiten falta igartzen da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak