Astelehenean zabalduko dute komentuko lorategia

Mirari Altube Arrese 2016ko mai. 6a, 12:40

Maiatzean zabalduko zituztela agustindarren komentuko lorategiko ateak iragarri zuen Unai Elkoro alkateak oraintsu, eta astelehenetik aurrera halaxe izango da. 09:00etatik 21:00etara izango dute aukera herritarrek han egoteko. "Kuxkuxean etortzeko gogoa dutela badakigu; ez dakit espero dutena topatuko duten", adierazi du alkateak.

Bazterrak txukuntzen dabiltza egunotan Udal langileak; izan ere, mojek alde egin zutenetik, iazko udazkenean, inork ez die kasurik egin lore koloretsuz beteta dauden landareei, laster fruituak emango dituzten arbolei eta gainerakoei: "Paraje polita da eta txukun izanez gero egonleku dotorea".

Arautegi berezirik ez dute zehaztu: "Edonor sar daiteke. Lorategia da eta uste dugu ez dagoela arau beharrik; hori bai, errespetuz eta begirunez joka dezagun guztiok. Zaindu ezean itxi beharra etor daiteke eta", jakinarazi du alkateak.

Eserleku bakarra dago orain, baina lasai egoteko leku aproposa dela jakinik, beste batzuk jartzeko asmoa daukate: "Arratsalde pasa egon daiteke eguzkitan goxo-goxo, hortaz, beste batzuk jartzekotan gaude".

Eraikinaren erabakia aurten

Lorategia inguratzen duen horma oraingoz ez dute botako: "Noraino bota hausnartu behar dugu. Kontuan hartu behar da argiteria bertatik doala, eta transformadorea ere hormaren alboan dagoela".

Eraikinarekin zer gertatuko den oraindik erabaki barik daukate: "Nobio asko dituela argi dago, baina horrek bai behar duela hausnarketa sakona. Erabakia aurten hartu gurako genuke", argitu du Elkorok. Bien bitartean, lorategian antola daitezkeen kontuak pentsatzen hasi dira Kultura Saileko kideak: ipuin kontaketak, antzerkiak, txori kantuen lehiaketak…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak