Aretxabaletako Kurtzebarri eskolan literatura astearen 25. urteurrena ospatu dute

Eneko Azurmendi 2016ko api. 29a, 16:31

Astea liburuaren egunaren inguruan antolatzen dute normalean. Aurten, urteurrena dela eta, ikasketa maila bakoitzak gai bat landu du eta ondoren gainontzeko ikasleekin partekatu dute egindakoa. Irakur maratoia egin zuten atzo.

Zilarrezko ezteiak ospatu ditu Aretxabaletako Kurtzebarri eskolako literatura asteak. Urtero liburuaren egunaren bueltan ospatzen dute aste hau eta idazle baten bisitarekin hasten dira. "Hasieran idazle bat etortzen da beti. Orduan, erabakita daukagu lehenengo eta bosgarren mailakoek jasoko dutela idazlearen bisita. Horrela, eskolan dauden bitartean, bi idazle ezagutzeko aukera daukate. Aurten Castillo Suarez etorri da", dio Gurutze Urrutia ikasketa buruak.

Horren harira, gai baten inguruan antolatzen dute literatura aste hau. Aurten, hala ere, urteurren berezia ospatzen dutela aprobetxatuz, gai ezberdinak ezarri eta maila bakoitzeko ikasleei horietako gai bat eman zaie. "Bigarren mailakoek liburuak zertarako dira? gaia landu dute. Hirugarrenekoen gaia zer irakurtzen dugu? izan da. Laugarrenekoek liburuetako sekretuak zeintzuk diren aztertu dute eta seigarren mailakoek ikastetxetik igaro diren idazle guztien gaineko bilduma bat egin dute eta gainontzeko ikasleei aurkeztu die", azaldu du Urrutiak.

Astean zehar egin dutena gainontzeko ikasleekin partekatzeko, irakur maratoia egin zuten atzo ikasleek. Umeentzat oso aste berezia eta polita dela nabarmendu du ikasketa buruak. Bestalde, ikasleek beraien desioak eta nahiak betetzeko ahalegina egin zuten, puzgarriak sabairantz askatuz. "Ikasle guztiek sokaren puntatxoan liburuetan aurkitutako sekreturen bat edo nahi bat kateatu dute eta askatu egin dituzte puzgarriak, sabairantz igo daitezen", adierazi du Urrutiak.

Azkenenengo 25 urte hauetan bildutako hainbat argazkiz osatutako sekuentzia batekin eta bertso batekin eman zioten bukaera aste literarioaren urteurren berezi honi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak