Aretxabaletarako zer gura duten hausnartzen dabiltza gazteak

Mirari Altube Arrese 2016ko api. 22a, 08:00
Apirilaren 15ean egindako bilera.

Aretxabaletako Gazte Ekimeneko kideak hausnarketa prozesuan murgilduta daude. Orain egun batzuk galdera bota zien herriko gazteei: Zer gura duzu Aretxabaletarako? Erantzunak jaso eta horiek aztertu zituzten guztien artean joan den egubakoitzean, eta gaur, bigarren bilera egingo dute. Udaletxe zaharrean da, 18:00etan, eta ateak zabalik dituzte.

Galdetegia aitzakia hartuta 40 bat gazte elkartu ziren herrirako zer gura duten zehazten hasteko. Garrantzitsutzat jo dute galdetegia bete duten gazteen kopurua, 152 hain zuzen ere. Herrian espazio baten beharra dutela dioten gazteak ere asko izan dira, %76,31.

Era berean, beste hainbatek esan dute parte-hartzea handiagoa izatea gurako luketela. "Datuok aurkeztu bitartean beste hainbat gai interesgarriren gainean ere hausnartu genuen egubakoitzean elkartutakook, besteak beste etxebizitza, emantzipazioa eta lan merkatuaren egoera gaur egun", jakinarazi dute Gazte Ekimeneko kideek.

Lantaldeak eratzen

Beste kontu batzuk ere izan zituzten berbetarako gai: "Parte hartzearen inguruan luze mintzatu ginen eta gazte mugimendua indartzeko gogoa eta beharra erakutsi zuten bertaratuek", azaldu dute eta gaineratu: "Horretarako, ezinbesteko ikusten dugu bakoitza bere intereseko esparruan jardutea". Herrian duten espazio beharra ere aztertu zuten: "Horren harira, gaztetxearen kontuen inguruen egin genuen berba, eta udaletxe zaharrean elkartutako guztiok bat etorri ginen horrekin".

Hori horrela, lan talde ezberdinak sortzea interesgarria litzatekeela iritzi zioten eta hainbat aipatu zituzten: "Aisialdia, euskara, etxebizitza, jaien antolaketa eta ekintza zehatzen antolaketa, besteak beste".

Horren guztiaren gainean berba egin eta forma ematen hasteko eta gaztetxearen prozesuari hasiera emateko, bigarren bilera bat egingo dute gaur, apirilak 22, 18:00etan udaletxe zaharrean: "Anima zaitezte gazteok, etorri eta parte hartu gurekin batera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak