Ibarretxe: "Identitateari buruz hitz egitea etorkizunari buruz hitz egitea da"

Mirari Altube Arrese 2016ko api. 20a, 15:31

Gizarte globalari aurre egiteko modu bakarra erantzun lokala ematea dela esan zuen atzo Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak Arkupe kultura etxean egindako hitzaldian. Herri bakoitzaren "identitatea" dela homogeneizazioaren mehatxupean dagoen munduari erantzuna azaldu zien elkartutakoei.

Euskal Herritik abiatuta munduan jarri zuen begirada Ibarretxek atzo, Arkupen. Agirre Lehendakaria zentroko zuzendari eta ikerlariak, munduak egun bizi duen egoeraren gainean hausnartu zuen lehenengo: errefuxiatuak, gerrak eta aberastasunen banaketa okerra, besteak beste. Eta ekonomialariak eta politikariak zelan erantzun arazo horiei "asmatu ezinik" dabiltzala azaldu zien. Hori jakinik, gizarte globalari aurre egiteko "modu bakarra" zein den esan zien: erantzun lokala ematea. Hain zuzen, herri bakoitzaren identitatea dela homogeneizazioaren mehatxupean dagoen munduari erantzuna.

Gakoa kultura

Eta gakoa zein den esan zien: kultura. Hori barik, berrikuntza, garapena eta ikerketa formulak ez duelako balio. Kulturen arteko elkarbizitzaren alde egin zuen, beti norberarena denari eutsita. Horretarako iraganean jarri zuen begirada, nondik datorren ez dakienak ez dakielako nora doan. Eta adibidetzat, kontzertu ekonomikoa jarri zuen esanaz, ez dela oparia izan, urte askotako lanaren ostean politikoki irabazitakoa baizik.  

Iragana garrantzitsutzat jo zuen, nora joan jakiteko, etorkizunera begira jartzeko, hain zuzen ere. Eta hor identitatearen garrantzia azpimarratu zuen.

Euskal Herrian bizi diren guztiek erabaki beharko luketela nora joan gura duten adierazi zuen, eta behin eta berriz, azpimarratu "euskaldunen eskuetan" dagoela aurrera egitea. Elkarrekin abestu zuten Benito Lertxundiren Zenbat gera kantua, eta ondoren herritarren galderak erantzun zituen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak