Bederatzi milioi euro pasatxoko aurrekontua onartu du Aretxabaletako Udalak

Mirari Altube Arrese 2016ko ots. 9a, 15:49

9.219.222 euroko aurrekontu finkatua onartu du Aretxabaletako Udalak 2016rako. Iazkoarekin alderatuta ia %3 inguruko igoera izan du, eta partidarik garrantzitsuenei eusten ahalegindu dira. Inbertsiotarako, ostera, ia milioi erdi euro gorde dituzte.

Aratuste-domeka biharamunean egindako ezohiko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak 2016ari dagokion Udal aurrekontua: 9.046.213 eurokoa, hain zuzen ere. Pertsonal gastuak dira 1.863.194 euro; gastu arruntak, 4.714.650 euro; eta inbertsioak, 467.855 euro. Urats Gain zaharren egoitzari dagokiona, ostera, 320.576 euro da; hortaz, 2016ko aurrekontu finkatua honako hau da: 9.219.222 euro.

Inbertsiotarako milioi erdi euro

Inbertsioetarako, ostera, milioi erdi euro "gordetzeko ahalegina" egin dute. Eta horien artean garrantzitsuenak honako hauek dira: Geltoki plazako bidegorriaren bigarren fasea, 117.900 euro; Agustindar mojen komentuaren lehen zatia, 100.000 euro; parrokia alboko bidea zabaltzea, 70.000 euro; Txarapea ibilbiderako igoera, 27.000 euro; eta skate parka 60.000 euro.

Oposizioa "nahiko konforme"

Oposizioko alderdiak ez ziren guztiz bat etorri aurkeztutakoarekin, baina bai EH Bilduk, bai Irabazik "adostasuna lortzeko" egindako "ahalegina" onartu zuten. Hala, EH Bilduko lau zinegotzitik hiruk aurrekontuaren alde bozkatu zuten eta batek aurka, "epe luzerako planifikaziorik ez delako egin".

Bestetik, Irabazik zuzenketa bi aurkeztu zituen. Batetik luzatzea eskatu zuen Udal liburutegiaren zerbitzua eta onartu zuten abuztuan 18 egunez zabaltzea. Eta bestetik, enplegu planari 50.000 euro gehitzea eskatu zuen, baita herriko langabeei hainbat lan ematea ere udalerrian, horien artean baserrietako bideak mantentzeko. Zuzenketa hori bertan behera utzi zuten, baina konpromisoa hartuta langabeendako postuok aztertuko dituztela. Hala, Irabaziko zinegotzia abstenitu egin zen.

Aurrekontuarekin batera udaletxeko lanpostuen zerrenda onartu zuten, eta hor ez dago aldaketarik.

Bukatzeko mankomunitatearekin hitzarmena egitea ere adostu zuten argiterian dirua aurrezteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak