Gizarteratzen lanean dihardu Gu Haziak Gara elkarteak 2013az geroztik

Mirari Altube Arrese 2016ko ots. 3a, 21:00

Gizarteratzen laguntzeko sortutako Gu Haziak Gara elkarteak erakusketa jarri du Arkupe kultura etxean orain arte egindako lanaren berri emateko. Orain dela hiru urte sortutako elkartean etorkinak dira nagusi, eta herritarrak animatu gura dituzte gerturatu, ezagutu eta elkarrekin "bizitzera".

Paloma Martinez mexikarrak sortu zuen Gu Haziak Gara elkartea 2013an. Baina hiru urte lehenago dagoeneko hasita zeuden kanpotik etorritako hainbat emakume elkartzen, hain zuzen kanpokoak izateak sortutako sentimenduek bat eginda: "Bertakoak ez garela sentitzen genuen. Gainera, tolerantzia egon badago, baina herrian sartzeko aukerarik ez genuelakoan hasi ginen lanean", dio Martinezek.

Aretxabaletan bertan jaiotakoen eta kanpotik etorritakoen artean "zatiketa" dagoela oraindik ere sentitzen dute elkarteko kideek. Langabezia da hain zuzen ere, elkartzen eta aldi berean urruntzen dituen gaietako bat, eta horri heltzea erabaki dute: "Elkar gaitezen langabezian gauden guztiok, bai bertakoak, bai kanpokoak", argitu du Martinezek. Etorkinak dira nagusi elkartean, baina egun badaude bi aretxabaletar ere: "Oso garrantzitsua da hori, herrian integratzea gura badugu herrikoekin batera egon behar garelako".

Ortuko lanak eta joste-tailerra

Ortuko lanetan hasi ziren lehenengo. Bi lursail eskuratu zituzten, bata herrian bertan eta bestea Oro auzoan, eta handik jasotako guztia elkarteko kideen artean banatzen dute. Ondoren, gozo-eltze edo piñata tailerra jarri zuten abian, eta horiek saldu egiten dituzte orain. Eta hirugarrenik, joste eta puntu eta kakorratz tailerrak dituzte.

Joste taldea, esaterako, astelehen eta eguazten goizetan elkartzen da parrokiako lokaletan. Eskoriatzan bizi den Selmira Feijo perutarrak ematen dizkie eskolak eta bide batez lagundu gizarteratzen.

Hortik, dirutxo bat ateratze aldera alta eman dute jarduera ekonomiko horretan eta kanporako zerbitzuak eskaintzen dituzte orain. Baina, lan egin bakarrik ez, eskola oso aberasgarria dela taldea diote. Eta ez dituzte ahaztu gura atzean laguntzen dihardutenak: "Gure lana posible da, hainbat lagunen, instituzioren eta enpresen laguntzagatik". 

Lanak ikusgai Arkupen

Otsailaren 2az geroztik elkartean egindako lanak ikusteko daude Arkupeko erakusketa aretoan. Hilabete guztian egongo dira eta elkarteko kideek gerturatzera animatu dituzte aretxabaletarrak: "Etorri eta bizi gurekin batera esperientzia hau, ongietorriak izango zarete".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak