Edukiontzi bidezko bilketa sistemaren alde agertu dira sozialistak

Mirari Altube Arrese 2016ko urt. 21a, 13:23

Domekan gaikako hondakin bilketa sistema aukeratzeko egingo den galdeketari babesa agertu dio Aretxabaletako PSE-EE alderdiak, baina argitu gura izan du sozialisten esku egonez gero "honez gero kenduta" legokeela atez atekoa". Herritarrei galdeketan parte hartzera dei egin die, eta edukiontzi bidezko bilketa sistemaren alde bozkatzeko eskatu.

Aretxabaletako hondakin bilketa sistema berrikusteko orduan sozialistak "beti egon direla hitz egiteko eta negoziatzeko gertu" jakinarazi dute "herritarrek argi eta garbi" esaten zietelako "ez zutela gura atez ateko sistema". Udal eta Foru hauteskundeetako programan atez atekoa "kentzeko konpromisoa" hartu zutela diote, eta edukiontzi bidezko sistema berria jarri: "Atez atekoa zikinagoa da, deserosoagoa, ez da osasungarria eta %20 garestiagoa; baina gainera, aretxabaletarrak hori inposatzearen aurka mugitu ziren. Birziklatzea bai, baina kostuak igoko ez zituen, erosoagoa eta garbiagoa zen eta edukiontzi itxi bidez kalean ondo antolatutako sistema bat gura zutenen aldetik 1.700 sinadura baino gehiago jaso ziren", diote.

Kontzientziazioa eta erosotasuna

Eta gaineratu dute: "Hondakinen kudeaketan zentzuz jokatzearen alde agertu gara beti sozialistok Aretxabaletako kaleetara edukiontzien itzulera bultzatuz". Horregatik domekako galdeketan PSE-EEk atez atekoa kentzea babestuko duela berretsi dute, eta edukiontzi bidezko sistemaren alde apustu egin hondakinak jasotzeko "sistemarik onena" delako. Era berean, birziklatzearen beharrarekin kontzientziatzeko "herritarrekin lan egitearen alde" agertu da baina "inposiziorik gabe". Eta "giltza" non egongo den zehaztu dute: "Seguru gaude, kontzientziazioa batetik, eta erosotasuna bestetik, giltza izango direla gaikako bilketak izango duen igoeran. Horregatik, galdeketan parte hartzera dei egiten diegu herritarrei eta edukiontzien sistemaren alde bozkatu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak