Jose Luis Arratibel: "Parrokian ditudan ardurak urtarrilean utziko ditut guztiz"

Mirari Altube Arrese 2015ko aza. 19a, 17:30
Jose Luis Arratibel, Aretxabaletako parrokiako sakristian.

Jose Luis Arratibelek (Larrea, 1945) 50 urte bete ditu sakristau lanetan eta laster erretiratu egingo da. Hori horrela, parrokiako kideek omenalditxoa egingo diote domekan, azaroak 22, 11:30ean. Santa Zezilia eguna izanik Aretxabaleta Abesbatzak abestuko du meza nagusian, eta ondoren, horiekin joango da bazkaltzera Arratibel.

"Urte asko dira eta erretiratzeko ordua iritsi zait", dio eta gaineratu du: "Poliki-poliki ardurak uzten noa, baina guztia utzi gura dut. Izan ere, oraindik beti telefonoarekin aldean ibili behar izaten dut, eta ezin naiz joan inora lasai".

Gasteizen jaio eta Larrean bizi izan zen gaztaroan. 1965ean etorri zen Aretxabaletara, eta segituan hasi parrokian lanean. Abade asko ezagutu ditu 50 urtean: "Don Angelek, Don Pedrok eta Don Bitorianok urte asko egin zituzten. Gero mugimendu handiagoa egon da: Antonio Astigarra, Jesus Ortiz de Urbina, Anjel Elorza…". Gogoan du lehenengo urteetan latinez egiten zuela otoitz eta ondoren hasi zen euskaraz: "Neu izan nintzen parrokian arrosarioa euskaraz otoitz egin zuen lehenengoa". 

Atzetik datorrenik ez 

Meza esateko behar diren kontu guztiak gertatzen ditu, negu partean berogailua jarri… "Hori eta beste hainbat lan daude, eta horretarako ordubete lehenago egon behar parrokian", dio. 

Ardurak uzten joan arren urtarrilean esango du agur betiko: "Errege Eguna pasatu ostean". Sakristauaren hutsunea askok igarriko dute Aretxabaletako parrokian: "Txanda zeinek hartuko duen? Ez dakit ba… Egun bateko lanak egiteko badago jendea, baina urteko egun guztietan egon behar da hemen, egunero-egunero…". Eta jende gaztea falta dela dio: "Gregorio Gavilano erretiratu zenean hasi nintzen neu ere hogei urterekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak