Zapiak eta kamisetak izango dira aurten Andramaixak girotzeko

Mirari Altube Arrese 2015ko uzt. 24a, 08:00

Ia hiru aste geratzen dira Andramaixetarako baina egitaraua gertu dauka Kultura Sailak. Vendetta, Skakeitan eta Def Con Dos dira aurtengo izarrak eta Los Filmaticos taldeak girotuko ditu kaleak hilaren 16an.

Ohiko ekitaldiek eta nobedadeek bat egingo dute abuztuaren 13tik 17ra. Ohikoen artean daude ikurrinari agurra eta pregoia; elizbira eta meza nagusia; txirrindulari lasterketa eta profesionalen arteko pilota partiduak; sokamuturra; eta paella erraldoia. Pregoia egingo dute alkate txikiak, Eider Urkia Madinabeitia, eta alkate-orde txikiak, Hodei Etxebarria Sebastian. "Datorren urtera begira aldaketa batzuk egin gura ditugu. Abuztuaren 16a Haurren Eguna izendatu eta egun guztia eurei eskainiko diegu baina pregoia ez dute egingo", jakinarazi du Kultura zinegotzi den Joxe Migel Uribarrenek.

Nobedadeen artean daude Andramaixetako zapiak eta kamisetak. "Aretxarteko komertzioetan jarriko ditugu salgai, prezio merkean", argitu du zinegotziak. "Banda etorriko da, baina Milagrokoa beharrean Sartagudakoa. Eta goizean bakarrik ez, arratsaldean ere egingo du kalejira", dio. Umeendako jolasak izango dira hainbat egunetan –apar festa, egurrezko jolasak…–, eta gaztetxoendako ere bai: "Iralabarri plazan egongo dira jumpinga, zezen mekanikoa, autoak…".

Hainbat eratako kontzertuak

Gaueko ekitaldien artean, ostera, hainbat eratako kontzertuak daude. Abuztuaren 14an Amparo Velasco La Negrak ekarriko ditu soul, flamenko eta pop doinuak eta hilaren 15ean Vendetta eta Skakeitan talde ezagunak izango dira Herriko Plazan. Horiez gain erromeria giroko taldeak ere izango dira, baita mariatxiak eta txarangak ere.

Kaleko ikuskizunei dagokienez egongo dira Charlot Dixie Jazz Band eta Los Filmaticos talde kataluniarra: "Els Comediants-en adar bat da; etorriko dira hiru lagun eta bi metro eta erdiko tximino handi bat, baita lau metro eta erdiko hegazkina ere".

Txosna guneko giroa

Gazte Ekimenak, ostera, txosna guneko giroa berotuko du. "13 eguerdirako jai giroan izango gara; parrillak jarri eta han bazkalduko dugulako", argitu du Ibai Zangitu kideak eta gaineratu: "Egunero izango da zerbait hango oholtzan. Nobedadea da umeendako ere egongo direla kontuak guraso talde batek gidatuta". Horiekin batera izango dira gazte afaria, playback lehiaketa, boulder txapelketa… "Eta Mondragoeko zurito basoen kontrako manifestazio nazionala hilaren 16an".

Musikak ez du hutsik egingo eta kontzertu izarra izango da Def Con Dos madrildarrek emango dutena hilaren 16an.

Egitarau osoa

Abuztuak 13, eguena

Mozorro mexikarra jantzita irten kalera.

14:30 Zuk egin nik jan (Zuk ekarri janaria eta guk parrilak jarriko ditugu)

18:00 “Mozkorra” tomatearen igoera eta pregoia. Ondoren, lunch mexikarra

22:30 Herriko taldeen kontzertuak: Txerrikumeak, Kalaña eta Criminal Remains.

 

Abuztuak 14, egubakoitza

16:00 KANPAI JOTZEA, Andramari jaiei hasiera emateko.

16:30 XXXVI. MUS TXAPELKETA Herriko plazan. Urtero legez, garaikurrak, dirua eta txapelak banatuko dira. Izena ematea: 20 € (15:45- 16:15). Aurten sari bereziak egongo dira emakumez osatutako lehen bikoteentzat edo bikote mistoentzat. (1.saria 100€ / 2.saria 50€ / 3.saria 30€)

17:30 APAR FESTA, Arlutzeko kantxan. Bainujantzia jantzita ekartzea gomendatzen da.

18:00 Ginkana musikatua

19:00 Herriko jaiei hasiera ofiziala emateko, ikurrinari agurra udaletxe aurrean, Aretxabaletako Abesbatzak eta Leizarra musika eskolako dantzariek lagunduta. Jarraian, Alkate txikiak eta Alkateorde txikiak pregoia irakurri eta txupinazoa botako dute. Bukatzeko, konfeti eta serpentina ikuskizuna.

Jarraian, ERRALDOIAK ETA BURUHANDIAK, Basauriko gaiteroek lagunduta.

20:00 SALBEA, Andra Mari Elizan, Aretxabaletako Abesbatzak abesturik.

21:30 Gazte afaixa.

22:30 LA NEGRAren emanaldia Herriko plazan.

23:00 Playback lehiaketa

01:00 Las tea party DJs.

 

Abuztuak 15, zapatua

10:00 DIANA, herriko txistularien eskutik.

11:00 Herriko pilotari gazteen PILOTA PARTIDAK, Iturrigorri frontoian.

11:00 Sartagudako BANDAREN BISITA zaharren egoitzara.

11:45 ELIZBIRA.

12:00 MEZA NAGUSIA. Andra Mari elizan. Udalbatza bertan izango da, eta, elizkizunaren ostean, txistulariek joko duten “Alkate soinua”-z lagunduta aterako dira elizatik.

12:30 JAKIN eta JOLAS pailazoekin “Skratx” ikuskizuna. Herriko plazan.

13:30 Sartagudako musika BANDAREN EMANALDIA. Durana kalean.

17:00 Sartagudako BANDAREN KALEJIRA.

17:30 GAZTE PARKEA Iralabarri plazan: zezen mekanikoa, jumping, quad-pista…

18:00 Kale Bloka

19:00 CHARLOT DIXIE JAZZ BAND taldearen eskutik kale animazioa.

20:00 Haur eta gaztetxoen afari-merienda

21:00 Haurrentzako ipuin kontaketa

22:30 VENDETTA eta SKAKEITAN taldeen emanaldia. Herriko plazan.

00:00 Erromeria Aldats taldearekin.

03:00 Kulero, tanga eta galtzontzillo lasterketa.

 

Abuztuak 16, domeka

10:00 LEINTZ BAILARAKO 77. TXIRRINDULARI LASTERKETA. 23 urtetik beherako eliteko txirrindularien lasterketa.

Bitartean BIZIKLETA JAIA. (6-14 urte bitartekoentzat).

12:30 Potxin eta Patxin pailazoak Herriko plazan.

13:00 Triki-bertso-poteoa Lekaixokaren eskutik

14:30 Euskal preso eta iheslarien aldeko bazkaria.

Jarraian Kantaldia.

18:00 Zaparrada batukada.

18:30 GAZTE PARKEA, Herriko plazan: zezen mekanikoa, jumping, quad-pista…

Gazte parkea en Herriko plaza.

19:00 LOS FILMÁTICOS talde kataluniarrarekin kale animazioa: King Kong, el avión, ¡qué peliculong!

20:30 OXABI erromeria taldearen emanaldia Herriko plazan.

22:00 PROFESIONALEN ARTEKO PILOTA PARTIDAK. Iturrigorri frontoian.

OLAETXEA - ITURRIAGA

AGIRRE - APRAIZ

BERASALUZE II - ARETXABALETA

ARTOLA - UNTORIA

Sarrera 10€

22:00 Astramonio taldearen kontzertua.

23:00 Def con dos taldearen kontzertua txosnetan

23:30 OXABI erromeria taldearen emanaldia Herriko plazan.

03:00 Mondraueko zurito basoen kontrako manifestazio nazionala

Ondoren: Zebra muskuiluen showa.

 

Abuztuak 17, astelehena

11:00 DIANA, herriko txistularien eskutik.

11:30 SOKAMUTURRA. Durana kalean. Debekatuta dago 16 urtetik beherakoek sokamuturrean parte hartzea. Adin horretako lagunen bati ezbeharren bat gertatuz gero, Udalak ez luke erantzukizunik bere gain hartuko).

12:00 BARALDE txarangaren etorrera.

14:30 HERRI BAZKARIA: Paella doan, Herriko plazan. Paella bukatu arte banatuko da, baina norberak ekarri beharko ditu ogia eta edaria.

Bazkalostean, Koadrilen arteko jolasak, Herriko plazan

15:30 Egurrezko jokuak haurrentzat Herriko plazan.

18:00 BARALDE TXARANGA. Kaleetan zehar.

18:00 Tortilla lehiaketa. Sua eta oinarrizko osagaiak antolatzaileek jarriko dituzte; zartagina, parte hartzaileen esku.

18:00 SOKAMUTURRA. Durana kalean. Debekatuta dago 16 urtetik beherakoek sokamuturrean parte hartzea. Adin horretako lagunen bati ezbeharren bat gertatuz gero, Udalak ez luke erantzukizunik bere gain hartuko.

19:30 Guraso elkarteen eskutik BURUHANDIAK eta ERRALDOIAK, Baralde txarangarekin batera.

Ondoren, Egunean zehar herria gehien animatu duten koadrilen arteko sari banaketa egingo da.

20:00 ROCKALEAN taldea, kaleetan zehar.

22:00 INUN kantautorearen emanaldia Herriko plazan.

23:00 Alma Tapatia  MARIACHI TALDEAren emanaldia Herriko plazan.

23:00 Kontzertua: Los Zopilotes Txirriaos. Txosnetan.

Ondoren, Txinoko katuaren banaketa

23:00 “Mozkorra” tomatearen erretzea eta akelarrea.

Ondoren, zezen suzkoa.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak