UDA Hirugarren Mailako denboraldia gertatzen hasi da

Mirari Altube Arrese 2015ko uzt. 22a, 15:24

Hirugarren Mailan jokatuko du datorren denboraldian Aretxabaletak, eta astean hasi dira gertatzen. Taldea indartu egin dute hiru fitxaketekin; izan ere, hainbat beteranok agur esan dute. Abuztuaren 23an hasiko den denboraldiari heltzeko gogotsu daude, baina aurretik lan asko handia dute egiteko Gorka Valle eta Jose Javier  Barkero entrenatzaileen aginduetara.

Ondo gertatu gura dute denboraldia; hala, lau entrenamendu saio egingo dituzte astelehenetik egubakoitzera bitartean eta partiduak jokatu aste bukaeratan. Abuztuaren 8an Anaitasunaren aurka jokatuko dute etxean eta 12an, Elgorriagaren aurka. Abuztuaren 15erako Getariako Ketarekin daukate berba eginda eta uztailaren 31n ere izango da partidua Ibarra futbol zelaian, beste talderik aurkitu ezean etxekoen artean.

Hiru fitxaketa oraingoz

Hirugarren Mailako taldearen oinarria iazkoa da, baina hori indartu egin dute hiru fitxaketekin. Antzuolatik etorri dira Markel Lete eta Jokin Gorostola eta Bergaratik Markel Ilzarbe. Horiez gain, beste jokalariren bat ere irits daiteke baina oraindik ez dute lotu.

Taldea utzi dutenen artean daude Oxel Apraiz, Raul eta Imanol Rodriguez; eta Gillen Mar zalantzan dago, haren egoera pertsonala dela-eta. Iaz agurtutako jokalari garrantzitsu bat, ostera, beste urtebetez ikusiko dute zaleek taldea gidatzen, Haritz Igartua hain zuzen ere.

Taldearen ardura Gorka Vallek jarraituko du izaten eta hari lagun egingo dio Jose Javier Barkerok.

Lehen partidua abuztuaren 23an

Lehen partidua abuztuaren 23an jokatuko dute, etxean, Berioren aurka. Ez da aurkari samurra izango Donostiako taldea. Hala ere, ondo hastea espero dute eta denboraldiari begira helburua da taldea Hirugarren Mailan "egonkortzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak