Kiroldegiaren eredu aldaketak defizitaren igoera dakarrela diote Aralar eta EAJ alderdiek

Mirari Altube Arrese 2015ko ots. 6a, 10:57

Kiroldegiaren kudeaketa Udalak beregain hartu ostean Aralar eta EAJ alderdiak kritiko agertu dira Udal gobernuak hartutako hainbat erabakirekin. Hala, adierazpen bateratua egin dute esateko Udal gobernua, Ana Bolinaga buru dela, "gehiengo absolutuaz baliatuz erabateko autoritarismoz ari dela gestionatzen". Eta gaineratu dute hori "agerian" geratu dela Udal kiroldegiaren gestioa esleitzeko prozesuan.

Hona idatzia osorik:

"Aralar eta EAJ/PNV alderdi politikook erabaki dugu adierazpen bateratua egitea eta herriko udalean jasaten ari garen autoritarismoan eta ezarpen sistematikoan oinarritutako egoera larria. Izan ere, gainerakoen iritzia entzuteko jarrerarik eta aukerarik ez dago eta horrenbeste aipatzen den herritarren parte-hartzeak egoeraren okerreko irudia emateko baino ez du balio, atxabaltar askok nabarmen ikusi duten moduan.

Aretxabaletako Udaleko Gobernu Juntak, Ana Bolinaga buru dela, duela 4 urteko hauteskundeetan modu demokratikotik herritarrek emandako gehiengo absolutuaz baliatuz, Udala erabateko autoritarismo eta harrokeriaz ari da gestionatzen, herritarren parte-hartzea, elkarrizketa eta negoziazioaren garaian bizi arren.

Jokatzeko era hau beste behin agerian geratu zaigu atxabaltarroi Udal kiroldegiaren gestioa esleitzeko prozesuan. Bi urte luzez jardun dute UTE Ibarra Kiroldegia (LKS-ATHLON-ONDOAN) zigortzen eta estutzen. Denbora-tarte horretan, UTEak aurkeztutako eskariak zapuztu, baztertu egin dira, bi aldeentzat onuragarriak izan zitezkeen aukerak aztertu barik. Eta kiroldegia udal-eraikina den neurrian, udalari zegokion inori baino gehiagori bere aletxoa jarri eta gurditik tiratzea.

Udalaren axolagabekeria ikusita, kiroldegia gestionatzen ari zen enpresak bi aldeen artean sinatutako akordioari uko egin ostean, joan den abenduan kiroldegiaren gestioa esleitzeko berriro pleguak landu ziren eta lehiaketa publiko bidez argitaratu, gestio publikoan oinarritutako eredua, hainbat lanetarako enpresa pribatuak azpikontratatuz. Jakina, gestio eredua Gobernu Juntak baino ez zuen landu, horretarako aukerarik ematen ez zaigulako aretxabaletar askoren ordezkariak izan arren.

Kontratazio-mahaiak kirol-jardueren gestioaren lehiaketa Athlon enpresari esleitu dio, hau da, aurreko bi urteetan zehar kirol-jarduera berberak gestionatu zituen UTEa osatzen zuten 3 enpresetako bati.

Eta hori gutxi balitz, berriz ere Ondoan izango da mantenimendu-lanen ardura izango duen enpresa, hau da, UTE barruan zegoen beste enpresetako bat. Azken finean, nahi edo nahi ez, lehengo osagai berberak izango ditugu (langileak, enpresak…). Diferentzia bakarra izango da kiroldegiaren gestioak eragindako zuloa, 300.000 eurotan estimatzen duguna, orain Udalak bere gain hartu beharko duela, aurreko ereduarekin izango zukeenaren bikoitza.

Eta erabat onartezina da Gobernu Juntak gerentzia lanak egiteko ere kanpoko enpresa bat azpikontratatu izana, 18.000 euro + BEZ ordainduz, Udalean bertan dauden giza-baliabideak alde batera utziz, eta bertako kirol-teknikariaren betebeharrak nabarmen gutxituz. Hau da, ez-ohikoak diren legezko argudioak erabilita, zerbitzuaren esleipena eta kontratazioa ez da bideratu lehiaketa publiko bidez, aretxabaletar guztiei parte hartzeko aukera emanez.

Baina prozedura hau arlo juridikoan ere berdintsu erabili dute, udalean berezkoak diren karrerako funtzionarioek bete ditzaketen lanak eta betekizunak kanpoko abokatu bufete baten esku jarriz.

Adierazitako erabaki hauek eta beste batzuek, eta oro har lehentasunak finkatzeko irizpiderik ez izateak, eragin dute 2015ean herrian inbertitzeko ia dirurik ez egotea. Ezin zen bestelakorik espero! Halaber, Azbe pareko bidegorriaren lehen fasea egiteari aurten ekingo zaiola ari dira esaten, eta adierazi behar da aurrekontuetan 94.276 euro baino ez direla sartu, obra guztiaren aurrekontua 345.525 eurokoa denean. Beste horrenbeste gertatzen da udaletxeko igogailuarekin. Izan ere, lan hori egiteko ez dago inon partidarik aurreikusita. Eta bestalde, kiroldegiko gestioaren eredua aldatzearen kapritxoak sorturako bidesaria 355.281 eurokoa izango da hasieran, eta gainera datozen urteetako defizita igotzen joango da. Eta Aretxabaletan lehentasun handiagoak dituzten egitekoak egonda, nekez ulertu daiteke umeentzako horrenbeste jolasleku aldatzea edo kuartel zaharrean egin nahi dena egitea, Hirigintza batzordean aho batez atzera botatzea adostu zenean.

Agintaldia bukatzeko 4 hilabete eskas geratzen direnean Aretxabaletan kirolaren inguruko plan estrategikoa bideratu nahi izatea itxurakeria baino ez da, eta guztiz zentzu bakoa.

Egoera honen aurrean, Gobernu Juntak behin eta berriz erabiltzen duen diskurtso bakarra da kiroldegiaren inbertsioa ordaintzea kostu handia dela, agintaldi honetan euren erantzukizunpean egon diren eta dauden alorrak landu eta heldu beharrean.

Alkatea izendatua izan zen egunean bertan, berak eta, ondorioz,  Gobernu Taldeak konpromiso publikoa hartu zuen "oposizioko taldeekin komunikaziorako zubiak eraikitzeko, ez zutelako inposaketaren arrabola pasatu nahi". Denborak garbi erakutsi digu nola ulertu duen herriko gestio politikoa egiteko modua, eta agintaldia bukatzear dagoenean ere erabakiak inorekin kontrastatu barik hartzen dira. Eta hori guztia gutxi balitz, bere gehiegikerien erantzule gainerako alderdi politikoak eta baita udal-langileak bihurtu ditu, justifika ezina dena justifikatu nahi horretan, bere aldetik inolako autokritikarik egin gabe".

Aralar eta EAJ/PNV Udal taldeak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak