Athlonek emango ditu kirol jarduerak Ibarra kiroldegian

Mirari Altube Arrese 2015ko urt. 30a, 08:00

Domekan hasita, otsailak 1, Udalak berak kudeatuko du Ibarra kiroldegia. Bertako zerbitzuak bi enpresen bitartez emango dituzte, eta lehiaketa deitu zuten abenduan horiek hautatzeko. Atzo jakinarazi zuen Ana Bolinaga alkateak zeini esleitu dizkioten horiek: Athlonek izango du harrera zerbitzuaren, mantentze lanen eta kirol jardueren ardura; eta Comercial de limpieza Villar enpresa bilbotarrak garbiketarena. Horrez gain, jardueren koordinatzaile bat egongo da han, Eki Coach enpresako Igor Arenatza.

Lau enpresa aurkeztu ziren harrera zerbitzuaren, mantentze lanen eta kirol jardueren lehiaketara eta puntu gehien jaso zituen Arrasateko Athlon enpresak. Horri eman diote urtebeterako, 344.000 eurotan, eta kontratua beste urtebetez luzatzeko aukera izango du. Garbiketa zerbitzua, ostera, 116.350 eurotan jaso du Comercial de limpieza Villarrek, luzatzeko aukerarik gabe. Eta Eki Coach enpresarekin kontratu txikia egin dutela jakinarazi du alkateak, 18.000 euroren truke. Arenatzak urtea bukatu arte jardungo du koordinatzaile lanetan.

Kudeaketa beregain hartuta Udalak egin beharko die aurre kiroldegiaren galerei: "179.000 euroko defizita aurreikusten dugu", dio alkateak eta gaineratu: "Gure estrategia da aretxabaletarren abonu kopurua gehitzea. Orain 2.100 inguru dira guztira, 2007an bezala, baina orduan baino aretxabaletar gutxiago daude. Hortaz, gure erronka da horiek ekartzea, eta Eki Coachek horretan egin beharko du lan".

Prezioak %21 behera

Orain arte emandako zerbitzuaren kalitatea ez dela jaitsiko argi utzi du Bolinagak: "Eki Coach aukeratu dugu, eta batez ere Igor Arenatza bera, kiroldegia herrikoiagoa egiteko. Aretxabaletako kirola sustrai-sustraitik ezagutzen du Arenatzak, eta oso harreman ona du bai herritarrekin, bai elkarteekin. Hortaz, beste ukitu bat emango dio Ibarrari eta jarduera gehiago jarriko dira martxan".

Prezioari dagokionez, abenduan jakinarazitako moduan, %21eko beherapena (BEZ kendu delako) izango dute abonu guztiek. "Dena den aztertzen gabiltza Getxoko Udalaren eredua, eta gurako genuke tarifarik justuenak aplikatu norberaren diru sarrerak kontuan hartuta", jakinarazi du.

Kirol estrategia plana

Aurten kirolaren estrategia plana abian jartzeko asmoa agertu du alkateak, eragile guztiekin koordinazio plan bat eginda. "Lehenengo plan hori geuk diseinatuko dugu eta laster emango dugu kronogramaren berri. Urtero kirol plan bat aterako da, gainerako arloetan legez, beste batzuen artean genero ikuspegitik aztertzeko, hirugarren adinakoena bultzatzeko…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak