8.870.000 euroko Udal aurrekontua onartu du Aretxabaletako udalbatzak

Mirari Altube Arrese 2015ko urt. 27a, 14:59

Aretxabaletako udalbatzak onartu du 2015eko Udal aurrekontua, 8.870.743 eurokoa. Iazkoa baino %3,15 handiagoa da eta Ana Bolinaga alkateak jakinarazi du partida gehienei eutsi egin dietela, baita inbertsiotara bideratutako kopuruari ere. Oposizioko alderdiek ez zuten babestu aurrekontu hori; alderdi sozialista abstenitu egin zen eta Aralarrek eta EAJk aurka bozkatu zuten irizpiderik eza egotzita.

Atzo iluntzean egindako ohiko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak 2015ari dagokion Udal aurrekontua, 8.870.743 eurokoa hain zuzen ere. Pertsonal gastuak dira 1.795.732 euro; gastu arruntak, 4.488.996 euro; eta inbertsioak, 525.640 euro. Austeritate planaren emaitza izan dela bilakaera hori jakinarazi du alkateak eta horrekin jarraitzeko asmoa azaldu. Horregatik aurrekontu nahiko "kontinuistak" direla onartu zuen atzoko bilkuran, partida gehienei "eutsi" egin dietelako eta inbertsiotara bideratutako kopuruari ere bai.

Jaitsi den sail bakarrenetakoa da kultura, jaiei eta ospakizunei dagokien aurrekontua %5,28 jaitsi dutelako. Eta Gizarte Zerbitzuetan etxerik etxeko zerbitzuaren prestakuntza ere %5 jaitsi da.

Gainerako sailen aurrekontuak igo egin dira. Hona igoera handienak izan dituztenak: Genero-berdintasuna, %87,56; Parte-hartzea, %83,57; Garapen ekonomikoa eta enpleguaren sustapena %44,79; Merkataritza, %27,5; eta Hezkuntza, %31,82.

Inbertsiorik garrantzitsuenak

Inbertsioei dagokienez bi izango dira garrantzitsuenak; kiroldegira bideratuko dena batetik eta bidegorriaren lehen zatiarendako bestetik. Hala, Geltoki plazatik pasatzen den bidegorri zatiak, trazatu osoaren lehen zatiak, 345.524 euroko aurrekontua du eta 2015eko aurrekontuan erdia sartu dute. Kiroldegiari dagokionez: fitness gelako makineria erosteko izango da zati bat, 113.200 euro inguru eta Galdiano enpresarekin duen zorra ordaintzeko bestea, 155.000 euro.

Bestetik, udaletxean igogailua jarri eta erreteila berritzeko 100.000 euro gorde dituzte.

Oposizioko alderdien babesik ez

Oposizioko alderdiak ez ziren bat etorri aurkeztutako aurrekontuarekin. Eta Aralarrek eta EAJk aurka bozkatu zuten.

Aralarko Inaxio Garrok zioen "irizpiderik gabe" egindako aurrekontua izan dela. Eta EAJko Mikel Uribetxeberriak esan zuen gastuek, bai pertsonalarenak, bai orokorrek gora egin dutela eta inbertsioek ez.

Alderdi Sozialistako zinegotzia, ostera, abstenitu egin zen. Jorge de Castro zinegotziak argi utzi zuen abstentzioak ez duela esan gura aurrekontuarekin ados zegoenik, baina sozialistek egindako proposamen batzuk onartu izana ontzat eman zuen, horien artean, ikasleendako beka, 1.000 euroko elkartasun poltsa eta adinekoendako parkea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak