Aitor Murua: "Kirol guztiei bezala, trialari denbora luzea eta sakrifizio handia eskaini behar zaio"

Andoni Muxika 2015ko urt. 27a, 00:00
Aitor Murua bizikletarekin Aretxabaletako plazan.

Aretxabaletako gazte hori trialean ibili da betidanik. Txikitatik, bizikleta gainean ibili da erosoen, baina, urteak eta lehiaketak pasatu ahala, bigarren maila baten jartzeko premia sentitu du. Orain, umeei kirol hori ikasten laguntzen die; beraz, nahi duena probatzera animatzen du.

Zelan hasi zinen trialsina praktikatzen?

Bizikleta asko gustatzen zait eta asko ibili naiz. Behin, aitak bizikleta bat ekarri zidan, eta hori, justu, trialeko bizikleta bat zen. Horrela, pixkana-pixkana probatzen hasi nintzen, eta, halako batean, lehiaketa batera aurkeztea erabaki nuen. Bada, emaitzak nahiko onak izan ziren; horrenbestez, esango nuke horrela zaletu nintzela. 

Zertan datza trialsina? 

Bost zirkuituz osatutako ibilbidea jartzen dute, eta horiek trialsineko bizikleta batez pasatu behar dira. Horretarako, denbora zehatza dago: bi minutu eta erdi, hain zuzen ere. Pista bakoitza hainbat salto eta oztopoz dago osatuta eta horiek hiru aldiz pasatu behar dira. Hori guztia, noski, hanka edo gorputzeko edozein atal  lurrean jarri gabe egiten bada, askoz hobeto; izan ere, gorputzeko edozein atal lurrean jartzen bada, zigortu egiten da. Gainera, gehienez, bost aldiz jar daiteke. 

Zelan entrenatzen zarete kirol hori praktikatzen duzuenok? 

Azkenean, kirol guztietan bezala, konstantea izan behar da, eta, noski, gustukoa izan behar da. Kirol zaila da, egunero landu beharrekoa. Zorionez, pista bat dugu Aretxabaletan entrenatzeko; lehen, mendira joaten ginen, edo kostaldera, harrien artean entrenatzera.

Orain, umeak entrenatzen dituzu, ezta? 

Bai. Ume batzuk entrenatzen hasi naiz eta orain arte oso gustura nabil hori egiten. Nirekin harremanetan jarri ziren eta ikasi egin nahi zutela esan zidaten. Gertu nengoen laguntzeko eta mundu honetaz dakidan guztia irakasteko; horrenbestez, horrela hasi nintzen. Hain zuzen ere, zapatuetan elkartu eta Aretxabaletan jarri zuten pistan entrenatzen gara. Umeek oso gustura pasatzen dituzte orduak, eta denak animatzen ditut etor daitezen; zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto.

Gainera, lehiaketa askotan parte hartu duzu, eta irabazi ere bai, ezta? 

Bai; Espainiako txapelketa irabazi nuen. Europakoan ere, nire ustez, lan ona egin nuen, lehenengo hamarren artean geratuta. Munduko txapelketan ere izan naiz, bi aldiz, hain zuzen: batean hamahirugarrena eta bestean hamalaugarrena izan nintzen. Euskadin eta Gipuzkoan ere ibiltzen naiz, baina horiek ez dute zailtasun handirik. Gainera, lehiaketa horiek leku askotan egoteko aukera eskaini didate; Alemanian, Frantzian eta Espainia osoan, besteak beste. 

Hala ere, alde batera utzi dituzu lehiaketak, ezta?

Bai. Txikitatik dena eman diot kirol horri. Azkenean, kirol guztiak bezala, denbora luzea eta sakrifizio handia eskaini behar zaio; izan ere, txikitan, egubakoitzetan, eskola bukatu orduko, zortzi orduko bidaiak egiten genituen, autoan, lehiaketetan parte hartzeko. Bukatu eta gero, domeketan, buelta egiten genuen eta oso berandu heltzen nintzen etxera. Beraz, hurrengo egunean eskolara joateko esnatu behar nuenean, oso astuna egiten zen. Horrenbestez, bi aukera nituen: ikasketak edo trialean jarraitzea. Mundu honetan etorkizun handirik ez dagoenez, ikasketekin jarraitzea erabaki nuen. 

Horretaz gain, etorkizunerako ze plan dituzu? 

Psikologia ikasten nabil, Donostian, eta, oraingoz, oso gustura nago. Horregatik, etorkizunean gustatuko litzaidake ikasten nabilen horretaz bizi izatea; hau da, kiroletako psikologo izatea, esate baterako. Izan ere, kirol honetan izan ditudan presioak, esperientziak, eta abar baliagarriak izango lirateke pertsona bati laguntzeko.

----------

Marra azkarrez

Ibilbide gustukoena: Jeneralean, kostaldean ibiltzea.

Musika talde gustukoena: El Canto Del Loco eta Gatibu, adibidez. 

Bizi izateko toki bat: Mendia. 

Amets bat: Gustatzen zaidan horretatik bizi ahal izatea. 

Leku gustukoena: Basoak asko gustatzen zaizkit.

Janari bat: Makarroiak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak