Odei Vazquez: "Lesionatuta nago eta ezingo dut onena eman baina ikastera noa"

Mirari Altube Arrese 2015ko urt. 16a, 12:00
Odei Vazquez karateka.

Estatuko karate txapelketa jokatuko du Guadalajaran Odei Vazquezek, UDAko karatekak (Aretxabaleta, 1992), bihar eta etzi, Euskadiko selekzioarekin. 5 urterekin hasi zen karatean jokatzen, eta aste bukaerako txapelketa saria dela argitu du.

Noiz jakin zenuen estatuko txapelketa jokatuko zenuela?
Orain dela hilabete inguru, aurre-aukeraketa bat egin ostean esan zidaten.

Horrek esan gura du aurretik lanak ondo egin dituzula, ezta?
Bai, edo beste batzuk okerrago egin dituztela. Ondo nabil baina hemen, Euskadin, Espainia mailan kontuak oso ezberdinak dira. Nire kategorian (67 kiloz azpikoetan), esaterako, oso maila altua dago.

Txapelketa gogorra da orduan...
Bai, oso gogorra.

Euskadiko selekzioarekin aurretik ere ibili izan zara, ala?
Bai, baina oraingoan finalen fasea bakarrik jokatuko dute Guadalajaran, eta halako txapelketa batean lehenengoz nago.

Zein probatan hartuko duzu parte?
Kumite modalitatean, hau da, borrokan jardungo dut. Hiru minutuko borroka da eta puntu gehien eskuratzen duenak irabazten du. Txapelketa honetan, gainera, zuzenean kanporatzen da galduz gero.

Eta zer espero duzu?
Ahal dudana egingo dut, baina ez dut espero aparteko emaitzarik. Izan ere, lesionatuta nago, bihurdura dut hankan eta aukerak asko murriztu zaizkit. Hala eta guztiz, ikasteko oso baliagarria izango da.

Min hartuta zaude orain, baina bestelakoan momentu onean zaudela esango zenuke?
Momentu hobeak izan ditut, fisikoki batez ere, orain dela urte pare bat esaterako. Baina 20 urte bete eta gero asko aurreratu dut.

Zeintzuk dira zure asmoak, erronkak, aurrera begira?
Txapelketei dagokienez Espainia mailan zerbait irabaztea gurako nuke. Eta bestelakoan, gerrikoak irabazten joatea; orain daukat beltza, lehenengo Dan maila, eta hamar Dan daudenez horiek eskuratzen joan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak