Ibarra kiroldegia kudeatzen hasteko gertatze lanetan dabil Udala

Mirari Altube Arrese 2014ko abe. 11a, 12:55

Joan den abenduaren 2an egindako osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak Ibarra kiroldegia kudeatzen dabilen aldi baterako enpresa elkartearekin zuen akordioa etetea urtarrilaren 31n. Hala, 2015eko otsailetik aurrera Udalak berak kudeatuko du kiroldegia. Egunotan ibili dira lehiaketa pleguak gertatzen eta laster argitaratuko dituzte. 

Udalak bi lehiaketa dei egingo ditu. Batetik, garbiketa zerbitzua esleitzeko eta bestetik, harrera, mantenu-lanak eta kirol jardueretako begiraleak (igerilekuko soroslea, fitness gelako irakaslea…). Horiez gain gerentea edo zuzendari teknikoa ere kontratatuko du, kiroldegiko kontu guztiak koordinatzeko.

Ana Bolinaga alkateak onartu du galerak izaten jarraituko duela kiroldegiak gero ere, urtean 250.000 euro inguruko galerak. Hala ere, zerbitzuetan ez da aldaketarik egongo eta prezioak mantendu egingo dituzte. "Udalak bere gain hartuko du ahalik eta emaitza onenak lortzeko bai kualitatiboki eta bai kuantitatiboki", jakinarazi du Bolinaga alkateak, eta gaineratu: "Jarraituko dugu kiroldegia ondo kudeatzen, zerbitzu ona eta publikoa ematen. Hortaz, erabiltzaileek pozik jarraituko dute".

Galerak urtero

2012ko irailean estreinatutako Ibarra kiroldegiak beste etapa bat hasiko du otsailean. Atzean uztera doan lehenengo etapa hori, baina, ondo ixtea gura du Udalak, eta horregatik bi urteotako kontuak argitu gura izan ditu alkateak, azken urtean lagun izan duen Juan Landa Mendibe abokatuarekin batera.

Zera jakinarazi du alkateak: "Aldi baterako enpresa elkarteak hasieratik, kontratua sinatu aurretik, izan zituen zalantzak, etekinak lortuko ote zuen zalantzak, eta kudeaketa esleitu ostean saiatu zen muga jartzen balizko galerei. Udalak sekula ez du onartu halakorik, egin dugun guztia lege barruan egin dugulako".

Behin zabaldu eta gero beste eskaera batzuk etorri zirela dio Bolinagak: "Uraren kostua industriala izatetik publikoa izatera pasatzeko eskaera esaterako, eta kirol politika aldatzeko, hau da, eskola kirola egiten zutenei eta UDAkoei ordainaraztea. Hori, ostera, hasieratik zekiten debaldekoa zela". Hala ere, "konponbidea" ez zela hori dio, "arazoa" ez zegoelako kontu horietan: "2013ko urtarrilean onartu zuten arazoa zela abonatu kopurua. Esan ziguten 2.100 abonatu inguru zeudela eta hori baino gehiago lortzea zaila izango zela, bai orain, eta bai etorkizunean ere".

2012ko galerak izan ziren 132.000 eurokoak; 2013koak, 248.662 eurokoak; eta 2014koak 250.000 euroren bueltan izango direlakoan daude. Hori horrela, enpresak esan zion Udalari galera horiek ezin zituela bere gain hartu.

Indemnizazioa, 200.000 euro

Kontuak argitze aldera jo zuen Udalak Landa abokatuarengana 2014ko urtarrilean. "Udala pozik zegoen aldi baterako enpresa elkartearen kudeaketarekin eta eskatu zidaten posible bazen eurekin jarraitzeko lanean", argitu du horrek, baina ezin izan zuten akordiorik adostu: "Udalak diru publikoa gestionatzen du, eta ezin dio enpresa pribatu bati nahi beste diru eman; kontratuan zehaztuta dagoena bakarrik. Eta ezinezkoa zen Udalak urteroko gastu guztiak, hau da, defizit osoa bere gain hartzea". Hala, uztailean erabaki zuen aldi baterako enpresen elkarteak kudeaketa bukatzea.

Uztailetik azarora bukaera hori zelan eman adosten jardun dute bi aldeek abokatuak lagun hartuta: "Euren galerak kontuan izanik eta pleguak ematen zituen aukerak ikusita 200.000 euroko indemnizazioa ordainduko dio Udalak, eta fitness gelako tresnen erosketa amortizatuagatik beste 93.000 euro", jakinarazi du Landa abokatuak, eta gaineratu: "Nik uste amaiera ona dela guztiondako, eta eurek ere hala uste dutela; inolako istilu barik bukatuko da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak