Jose Javier Barkero: "Kideekin entrenatzea eta haiekin sortzen den harremana da politena"

Ander Larrañaga 2014ko abe. 10a, 00:00
Jose Javier Barkero, alebinen entrenamendu batean.

Gaur egun Aretxabaletako alebin mailako mutikoak dabil entrenatzen Jose Javier Barkero (Aretxabaleta, 1979). Urte askoan hainbat futbol taldetan baloiaren atzetik ibili ostean, jaioterrira bueltatu zen irailean.

Zelakoa da Jose Javier?

Oso pertsona normala, lasaia, lagunen laguna, oso familiarra eta gustu normalak dituena. Bidaiatzea, irakurtzea eta futbolean jokatzea gustatzen zait. 

Nolako harremana daukazu sukaldearekin?

17 urterekin bakarrik bizi nintzen; beraz, sukaldari moduan asko ikasi beharra izan dut. Frantziara joan nintzenean, anaia eta biok bakarrik geunden, eta amaren errezetekin joan ginen moldatzen. Apurka-apurka gustuko dudan mundu bat bilakatu da.

Zein da zure espezialitatea?

Ez dut plater izarrik, baina lapikokoak ederto irteten zaizkit.

Zertara gonbidatuko zenuke zure lagunik onena? 

Etxean, entsalada on bat, txanpinoi-nahaskia eta kroketak egingo nituzke hasteko. Bigarrenerako, arrain edo okela on bat.

Zeinekin konpartituko zenuke gustura mahaia?

Ziurrenik, gauzak komunean ditudan pertsona batekin. Ezingo nuke egon atsegin ez dudan norbaitekin. Konfiantza apur bat izatea ere garrantzitsua da.

Zein izan daiteke futbolari baten menua edo dieta?

Hasteko, entsalada, pasta edo arroza; bigarrenerako, arraina edo oilasko-paparra.

Zer gustatzen zaizu gehien eta zer gutxien futboletik?

Gehien, egunerokoa. Azken baten, politena da kideekin entrenatzea eta haiekin harremana izatea. Futbola hori da: igandeetan lehiatzea, baina astean zehar pasatzen diren gauza asko dira hoberenak niretako. Eta gutxien, mundu horretan mugitzen den jendea. Azkenean, futbola oso inpertsonala da eta merezi ez duten pertsona asko ezagutzen dira.

Zergatik futbolari?

Betidanik gustatu izan zaidalako. Txikitan, aitak sartu gintuen anaia eta biok mundu horretan. Apurka mailaz igotzen joan nintzen eta nire ametsa bete dut.

Futbolari ez bazina...

Irakasle; betidanik pentsatu izan dut. Orain, haurrak entrenatzen nabil, eta asko gustatu zait mundu hori.

Futbolari ala entrenatzaile?

Bi paperak politak dira, baina futbolean jokatzeak gehiago poztu izan nau beti. Ondo dago entrenatzea eta umeei erakustea, baina jokatzearekin ez dauka zerikusirik.

Ze kolore eramango zenituzke gustura?

Txuri-urdina, duda barik. Betidanik izan naiz Realekoa.

Futbol-zelai bat.

Ciudad de Valenciakoa, esango nuke, baina Anoeta beti izango dut bihotzean.

Milaka anekdota izango dituzu.

Beti kontatzen dut hau: 20 urterekin, munduko txapelketa jokatu nuenean, Nigerian, hotel kaxkar batera joan ginen eta jateko espageti jangaitz batzuk atera zizkiguten, eltxo eta guzti. Hurrengo egunean hotelez aldatu genuen eta han ondo jan genuen, baina egun bat pasatu genuen jan barik. 

Etxera iritsi, sofan eseri eta...

Telebista apur bat ikusi, irakurri edo musika entzun ohi dut. 

Zertaz damu zara?

Ez naiz ezertaz damutzen. Gauzak ondo pentsatzen dituen pertsona naiz.

Zerk beldurtzen zaitu?

Gauza askok. Gehienbat, maite ditudanei zerbait txarra gertatzeak.

Nora egingo zenuke ospa gustura?

Bidaiatzea gustuko dut. Adibidez, Australiara edo Ameriketako Estatu Batuetara joango nintzateke gustura.

Zein aholku konpartituko zenuke?

Niri esan zidaten gauza bat, eta asko lagundu didana: ez etsi, lasai egon, gauzak, azkenean, indarrez eta kemenez lortzen dira. 

----------

Aukeran...

Lehen platera: Dilistak (lentejak). 

Bigarrena: Patata-tortilla. 

Postrea: Marrubiak esne-gainarekin.  

Edatekoa: Garagardo freskoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak