Ana Bolinaga: "Kiroldegia ez da itxiko, eta zurrumurruak bakarrik zurrumurru dira"

Mirari Altube Arrese 2014ko ira. 30a, 15:46

Ohiko osoko bilkura egin zuten Aretxabaletan atzo iluntzean eta mozioak izan ziren protagonista bertan. Kutxabanken gaineko mozioak eztabaida sortu zuen Bilduren eta EAJren artean. Horrek bakarrik ez, Ibarra kiroldegiak ere bai. Izan ere, EAJko zinegotziak galdetu zuen datorren urtera begira zer gertatuko den kiroldegiarekin.

Hiru mozio eztabaidatu zituzten atzo iluntzean Aretxabaletako udalbatzako kideek. EAJk aurkeztu zuen EUS domeinuaren gainekoa, eta eskatu Udalaren webguneak eus domeinua izan dezala Euskararen Nazioarteko Egunerako. Aho batez onartu zuten mozioa eta jakinarazi dagoeneko erosita dagoela.

Bigarren mozioa Bilduk aurkeztu zuen alkateen aukeraketaren gainean PPk egin gura duen erreformaren aurka. Hor ere bat etorri ziren kide guztiak eta aho batez onartu.

Hirugarren mozioa Kutxabanken izaeraren gainekoa izan zen. EH Bilduk aurkeztu zuen eta horrekin eskatu ohiko fundazio bihurtzeko pausoak ematen hastea, hala, Kutxabanken izaera publikoa eta soziala bermatzeko. Akzioak erakundeen artean banatzea proposatu zuten Aldundiaren eta Gipuzkoako udalen artean, besteak beste.

EAJko zinegotzi Mikel Uribetxebarria ez zen bat etorri mozioarekin. Aldundiak egindako proposamena ez dela bideragarria aipatu zuen eta porrota ekarriko duela.

PSE-EEko zinegotzi Jorge de Castrok, ostera, udaletxeko osoko bilkura ez dela makroekonomiaren gainean eztabaidatzeko gunea aipatu zuen. Hala, Bildukoen eta Aralarkoen botoekin onartu zuten mozioa.

Kiroldegia eztabaidarako gai

Ohiko osoko bilkura izanik galderendako tartea egon zen eta hori aprobetxatu zuen EAJko Uribetxebarriak Ibarra kiroldegiaren kontua mahai gainean jartzeko. Kiroldegiaren kudeaketaren ardura duen UTEak, hau da, hiru enpresek osatutako elkarteak, abenduaren 31n utzi egingo diola kudeatzeari aipatu zuen, eta urtarrilean zer gertatuko den jakin gura izan zuen, herritarrak kezkatuta daudelako.

Alkateak argi utzi gura izan zion kiroldegia ez dela itxiko, eta "zurrumurruetan oinarritutako politikarik ezin da egin", gaineratu.

Onartu zuen kiroldegia defizitarioa dela. Hala ere, UTEarekin negoziatzen dabiltzanez eta akordio batera iristear daudenez diskrezioarekin jokatu gura duela aipatu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak