Sanmigelak Aretxabaletan

Abesbatzak 'Katiuska' zarzuela taularatuko du

Maialen Torres 2014ko ira. 26a, 14:03

Zarzuela doinuak izango dira aurtengoan dagoeneko tradizio bihurtu den Sanmigeletako abesbatzaren kontzertuan. Izan ere Aretxabaleta Abesbatzak Pablo Sorozabalen Katiuska zarzuelaren zati musikatua eskainiko du domekan, 19:00etan. Obrak printzesa errusiar baten. printze baten eta langile baten arteko maitasun tira birak kontatzen ditu, XX. mende hasieran girotuta.

Dena den, Aretxabaletako abesbatzakoak ez dira bakarrik izango, kolaboratzaile asko izango baitituzte. Horrela, koruko 38 kideez gain, lau bakarlari, hiru musikari, 30 dantzari eta abesbatzaren zuzendari den Anjel Barandiaran izango dira oholtzan.

Guztien artean emango diote bizia istorioari eta, esaterako, dantza taldekoek foxtrot eta bals erritmoak dituzten musika piezak dantzatuko dituzte, Nuria Fernandez de Arroiabe koreografoaren gidaritzapean.

Barandiaran urtero izan da zuzendari kontzertua egiten hasi zenetik, eta uste du  Katiuskaren melodiak jendeari "asko" gustatuko zaizkiola. Sanmigeletan, gainera, "erraza izaten da herritarren parte hartzea lortzea" Barandiaranen ikuspegitik, eta. hain zuzen, horixe bilatzen dute kontzertuarekin "hark guri bezala, guk ere herriari zerbait eman nahi diogulako egiten dugu lan".

Urrian, kontzertuz kontzertu

Domekako kontzerturako buru belarri lanean badabiltza ere, Aretxabaletako abesbatzakoek ez dute aukerarik galdu beste proiektu batzuk abiatzeko.  Santa Teresa Jesusenaren V. mendeurreneko ospakizunen baitan, bi kontzertu egingo dituzte. Bata, urriaren 12an Donostian, eta bestea Gasteizen, hilaren 14an. 19an, berriz, Loiolan izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak