Guraso elkarteak eta Udala bide berri bati ekiteko gertu

Mirari Altube 2014ko ira. 19a, 08:54

Herriko ikastetxeetako guraso elkarteak eta umeekin diharduten elkarteak elkarrekin lanean jarduteko gogoz daude. Udal ordezkariek zirikatu dituzte horretarako, eta dagoeneko lehenengo ekintzak antolatu dituzte: mugikortasun iraunkorraren astearekin bat egin eta domekan eskoriatzarrekin batera bizikleta martxa Urkulura.

"Abiapuntua Jar gaitezen prozesuan dago. Bilera haietan ikastetxeen arteko zatiketa nabaria zela ondorioztatu zen, eta aukerak egon zitezkeela elkarlanean aritzeko. Horren haritik egitasmo hau martxan jarri eta bide bat egiten ari gara", argitu du Maider Etxanizek, Gazteria teknikariak.

Hala, Arizmendiko eta Pausokako guraso elkarteek, Gurabarri eta Batera guraso elkarteek, Kuku Miku elkarteak eta Aretxabaletako Udalak elkarlanean dihardute ekimen berri hori martxan jarri eta poliki-poliki bidea urratzen hasteko. "Konturatu gara, gainera, hitzaldi eta formazio ikastaro batzuk ikastetxe guztietan errepikatzen direla; hortaz, indarrak bateratu eta zergatik ez antolatu guztiendako batera", gaineratu du Etxanizek.

Hala, bi ikastaro antolatu dituzte udazkenerako: lehen sorospenak eta gizonezkoei zuzendutako maskulinitate ikastaroa. Aurretik, baina, domekarako, hain zuzen, Urkulura bizikleta martxa deitu dute. 10:00etan elkartuko dira plazan eta Eskoriatzatik datozenekin batera (10:30ean, Bainuetxen) joango dira Urkulura. Bueltan, 12:00etan, mokadutxoa eskainiko dute Torrebason.

Ikastaroak

Lehen sorospenak

  • Norentzat: 0-12 urte bitarteko umeen gurasoentzat.
  • Noiz: Urriak 2 (euskaraz) eta urriak 9 (gazteleraz).
  • Non: Arkupe kultura etxean.
  • Ordua: 18:00.
  • Izen-ematea: Irailaren 17tik urriaren 1era, Arkupen (25 lagunendako).

Maskulinitatea

  • Norentzat: Gizonentzat.
  • Noiz: Urriaren 25ean hasi eta maiatzaren 30a arte (5 saio, bi hilabetean behin bat, zapatu goizetan).
  • Non: Arkupe kultura etxean.
  • Izen-ematea: Urriaren 6tik 22ra, Arkupen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak