Gaur hasiko dira atez ate jasotzen hondakinak Aretxabaletan

Mirari Altube Arrese 2014ko uzt. 14a, 10:31

Atez ate hasiko dira jasotzen hondakinak gaurtik aurrera. Aldaketa izango da aretxabaletarrendako, baina lasai hartzeko esan du Lore Martinez Axpek, Ingurumen zinegotziak: "Bosgarren edukiontzia erabili dutenek ez dute inolako arazorik izango.Eta hori egin ez dutenak ere lasai egon, oso samurra da-eta".

Atez atekoa abian jartzeko Iñaki Errazkin, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu diputatua, eta Ainhoa Iraola, Aldundiko Ingurumen zuzendaria etorriko dira, astelehenean. Txarapean dagoen auzo-konposta gunearen alboko esekitokietan elkartuko dira 18:00etan, eta Udalak herritar guztiak gonbidatu gura ditu atez atekoaren ongi-etorri ekitaldi horretara.

Gune guztietan abian

Gune guztietan jarriko da abian atez atekoa. Industrian lehenengo, izan ere, 08:00etarako atera beharko dituzte ontziak horiek; eta komertzioetan gero, 10:00etarako aterata. Hona bi gune horiendako egutegia: astelehenetan, papera; martitzenetan, organikoa eta kartoia; eguaztenetan, ontzi arinak; eguenetan, organikoa eta kartoia; egubakoitzetan, errefusa; eta zapatuetan, organikoa eta kartoia.

Herritarrek, ostera, 19:00etatik 06:00etara aterako dituzte ontziak, zapatuetan izan ezik; orduan, 19:00etatik 23:00etara. Hona egutegia: astelehenetan, papera eta kartoia; martitzenetan, organikoa; eguaztenetan, ontzi arinak; eguenetan, errefusa; egubakoitzetan, organikoa; zapatuetan, ontzi arinak; eta igandetan, organikoa. Pixoihalak, konpresak eta antzekoak egunero atera ahal izango dira.

Hondakin organikoen ontziari poltsa konpostagarria jarri ahal izango dio gura duenak. Poltsa horiek eros daitezke Jon harategian eta Mari Merke bazarrean. Errefusaren ontzian, ostera, edozein poltsa jar daiteke.

Edukiontziak kendu

Astelehenean kendu egingo dituzte kalean dauden hainbat edukiontzi: organikoaren marroia, zaborraren berdea, paperaren urdina eta ontzi arinen horia. Geratuko dira hiru: beirarena; ehunkiena; eta olioarena.

Argibideak informazio gunean

Atez atekoaren funtzionamenduaren gaineko argibideak emateko aldizkaria banatuko du Udalak, astelehenean. Dena den edozein zalantza izanez gero Durana kalean dagoen Hondakinen Informazio Gunera jo dezakete herritarrek: hondakinak.aretxabaleta@debagoiena.com edo 943 25 06 82.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak