Bosgarren edukiontziaren aldeko plataformakoek kontsulta egin gura dute

Mirari Altube Arrese 2014ko api. 16a, 13:00
Atez ateko hondakin bilketa sistema "inposatu" eta bosgarren edukiontzia bultzatzeko Udal gobernuak "ahaleginik egin ez izana" salatu zuten Aretxabaletako bosgarren edukiontziaren aldeko plataformako kideek atzo, apirilak 15. 60 bat herritar, asko adinekoak, elkartu ziren prentsaurrekoan, batzuk kezkatuta eta beste batzuk haserre.

Aretxabaletarrak "aitzindariak" izan direla hondakin organikoa batzen esan zuten Atxabalta.5.Alde plataformako kideek, 2008az gero baitago herrian bosgarren edukiontzia, baina Udalak "ez duela batere bultzatu" horren erabilera. Hala ere, azken hilabeteotan erabilerak "gora" egin duela diote, nahiz eta oztopo asko izan: "Emaitzak nahiko hobetu dira, nahiz eta oztopoak izan. Gainera, oso edukiontzi gutxi daude, 23 bakarrik, eta berdeak 86", zioen Nerea Etxabe plataformako kideak.

Hainbat herritarrek adierazi dutela atez atekorik ez dutela gura ere esan zuten, "horren adibide jasotako 1.704 sinadurak". Hala ere, Udalak ez duela izan "akordiotara iristeko borondaterik": "Proposamen itxia bakarrik aurkeztu zuten, sistema mistoa deitzen diotena, baina horrek atez atekoa mozorrotu bakarrik egiten du". Bosgarren edukiontziarekin, ostera, atez atekoarekin lortzen diren "emaitza berberak" lor daitezkeela aipatu zuten, "behar bezala kudeatuz gero".

Bestalde, atez atekoak dagoeneko bilketa sistemaren garestitzea ekarri duela ere aipatu zuten: "Atez atekoa ezartzeko egindako inbertsioak zabor tasaren %4aren igoera suposatu du, eta mantentze gastuek %16 igoko dute".

Kontsulta egiteko asmoa

Udalaren erabakiaren atzetik ez dagoela irizpide teknikorik zioten, “inposaketa politikoa bakarrik”; helburua birziklapen tasak hobetzea balitz "aspaldi hasita leudekeela herritarren sentsibilizazioarekin". Hala, plataformak, bere aldetik, sentsibilizazio kanpaina egiteko asmoa agertu du, baita kontsulta antolatzeko asmoa ere: "Plataformak herritarrak sentsibilizatzeko ardura hartuko du komunikazio kanpaina bat aurrera eramanda. Udalaren egitekoa da, baina erabaki politiko bategatik uko egiten dio bere betebeharra dena betetzera", zioen Etxabek, eta gaineratu: "Plataformak hitza eman nahi die herritarrei, eta udalari kontsulta bat antolatzeko eskaria luzatzen dio. Erantzunik ezean edo erantzuna kontrakoa bada, plataformak epe ertainean kontsulta antolatzeko ardura hartzen du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak