Atez ateko hondakin bilketa sistema jarriko dute Aretxabaletan eta ekainerako martxan izango da

Mirari Altube Arrese 2014ko urt. 30a, 12:15
Bilduko zinegotziak atez ateko sistemaren gaineko prentsaurrekoa ematen.
Atzo, urtarrilak 29, egindako prentsaurrekoan iragarri zuen Udal gobernuak atez ateko hondakin bilketa sistema jarriko dutela Aretxabaletan. Otsailean hasiko dira sistema hori jartzeko lanetan eta ekainerako martxan egotea gurako lukete.

"Gure herrian hiri hondakin sistema berria jarriko dugu martxan guztion artean. Atez ate izenarekin ezagutzen den hiri hondakin sistema", halaxe iragarri zuen atzo Ana Bolinaga alkateak, Bilduko gainerako zinegotziak lagun zituela –Edorta Mendieta falta zen–. Eta gaineratu: "Izena gutxienekoa da; sistema berriarekin lortuko ditugun emaitzak dira goraipatu behar direnak: Aretxabaletan ere, %80tik gorako gaikako bilketa lortuko dugu".

Hausnarketaren ibilbidea

Hondakinen kudeaketaren gaineko hausnarketarekin 2012an hasi zen Udala. Lore Martinez Axpe Ingurumen zinegotziak orain arte emandako pausoen berri eman du. Maiatzean, hitzaldi informatiboak egon ziren eta bisitan joan Antzuolara. Ekainean mozioa aurkeztu zuten osoko bilkuran, eta hondakin bilketa sistemak lau baldintza izan behar dituela onartu: derrigorrezkoa, selektiboa, pertsonalizatua eta %80ko bilketa tasa duena.

Azaroan ideien zaparrada deitu zuten, herritarrek proposamenak aurkez zitzaten. Sei jaso zituzten, baina aurreko lau baldintzok batek ere ez zituela betetzen ondorioztatu zuten.

2013ko matxoan gaikako zaborrontziak jarri zituzten kaleetan.  Eta apirilean, hondakinen mahaia osatu. Mankomunitateko informatzaileen laguntzarekin argibideak eman zizkieten herritarrei, tartean ostalariei, erretiratuei eta hezkuntzako ordezkariei.

Gainerakoekin akordiorik ez

Bilduk "akordioak lortzeko borondatea" izan duela kontu horretan azaldu du Iñigo Louvelli zinegotziak, eta elkarrizketak izan dituztela Aralar eta EAJ alderdiekin, baita 5. edukiontziaren aldeko plataformakoekin eta Zero Zabor taldekoekin ere: "Akordiorako proposamen moduan, atez ateko bilketa sistemaren eta edukiontzi bidezko bilketa sistemaren tartekoa den proposamena luzatu zitzaien, sistema mistoa deitu izan dena". Eta zelan gauzatu ere zehaztu zietela gaineratu du: " Batetik errefusa eta ontzi arinak modu pertsonalizatuan jasoko lirateke, eta organikoa, aukeran eman: edukiontzian edo modu pertsonalizatuan. Azkenik, papera jasotzeko modua herritarrekin adostuko litzateke prozesu parte-hartzaile baten bitartez". Eta hileroko jarraipena egingo litzaiokeela sistema horri sei hilabetetan jakinarazi du. "Zoritxarrez, ez Aralarrek eta ez EAJk ez zuten gure akordiorako proposamena onartu, ezta 5. edukiontziaren aldekoek ere".

Ekainean martxan

Atez atekoa aurkezterakoan zera jakinarazi du alkateak: "Gaika gehien bereizten duen hiri hondakin sistema eraginkorrena da", eta gaineratu: "Osasunari eta ingurumenari zor diogulako goazen Aretxabaletan ere gauzak ondo egitera".

Bilketa sistema hori jartzeko egutegiaren berri ere eman du. Otsailean mankomunitateko informatzaileek, udal hirigintza teknikariekin batera, zintzilikarioen inbentarioa egingo dute eta horien behin behineko kokapena adostu.

Martxoan bilerak egingo dituzte auzokideekin, argibideak eman eta alegazioak jasotzeko. Bilera horietara atarte bakoitzeko lehendakariak joan beharko du gero bizilagunei argibideak emateko; hala ere, bizilagun guztiei egongo dira zabalik. Gainera, zintzilikarioen behin behineko kokapenaren gaineko erakusketa jarriko dute Arkupen, eta alegazioak aurkeztu ahal izango dira aldatu gura izanez gero.

Alegaziook aztertu ostean, behin betiko kokapena zehaztuko dute apirilean, eta berriro argibideak eman auzokideei: "Ondo bidean maiatzean hasiko dira sistema ezartzen eta ekainean martxan izango da", dio.

Herritarrei lasaitasunerako deia egin diete Udal gobernuko kideek, izan ere, zalantzak argitzeko informazio gunea jarriko dute Durana kalean. Eta bukatu du Bolinagak: "Seguru gaude aretxabaletarrok markak hautsiko ditugula, arduratsuak garelako eta ingurumenaren eta osasunaren aldeko apustu tinkoa egingo dugulako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak