Emakumeen Bira txirrindulari lasterketako etapa bat Aretxabaletan hasi eta bukatuko dute

Mirari Altube Arrese 2012ko urr. 31a, 11:29

Emakumeen nazioarteko txirrindulari lasterketa da Iurretan (Bizkaia) antolatzen duten Emakumeen Bira eta datorren urteko etapa bat Aretxabaletan hasi eta bukatuko dutela iragarri du Aretxabaleta kirol elkarteak. Bigarren etapa izango da eta ekainaren 7an, egubakoitza, jokatuko dute.

UDAk eta Udalaren arteko elkarlanari esker etorriko dira emakumezko txirrindulariak gurera. Estatuko bi talde eta nazioartetik etorritako 16 talde izango direla bertan iragarri dute. Etapa hasi aurreko sinadura ekitaldirako gunea Herriko plazan jarriko dute eta ondoren lasterketari ekin.

Andramaixetan jokatzen den Leintz bailarako itzuliaren antzeko ibilbidea izango du etapa horrek, hau da, Gatzaga, Eskoriatza eta Arrasate arteko ibilbidean hainbat buelta: "Herri barrutik pasatuko dira eta azken bueltan Gatzagako errepide zaharra igoko dute", jakinarazi zuen Manolo Zubillaga UDAko txirrindulari batzordeko arduradunak.

Andramaixetan Leintz bailarako 75. itzulia

Bestalde, Andramaixetan Leintz bailarako 75. txirrindulari itzulia egingo da. 75. urteurrena izanik behar bezala ospatu gura dute UDAko kideek eta hurrengo hilabeteetan joango dira zehazten egun horretako kontuak.

Horren harira Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioarekin jarri dira harremanetan eta arduradunek jakinarazi diete bazkideen batzar orokorra Aretxabaletan egingo dutela datorren urtean. Otsailaren 4an izango da eta Arkupen elkartuko dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak