Bidaiatzeko modu merke eta osasuntsua

Arritxu Barruso 2012ko urr. 26a, 02:00

Aretxabaletaren eta Ameriketako Estatu Batuen artean milaka kilometro dauden arren, Ibarra kiroldegira sartu eta pedalei gogor emanez gero berehala irits zaitezke Coloradoko errepideetara. Estreinatu berri duten spinningeko eskola birtualei esker lor daiteke hori. Eta ez Coloradora bakarrik, Suitzako Alpeetara eta beste hainbat tokitara ere bidaia daiteke kiroldegitik atera barik.

Azalpenak ere birtualak

Eskola birtual horietan hamazortzi bizikleta pantaila handi bati begira daude, eta, espainolez, alemanez edo ingelesez hitz egiten duen ahots batek egin beharreko ariketen gaineko azalpenak ematen ditu: "Benetako monitoreei grabatutako azalpenak dira eta monitore barik egiteko aukera ere eskaintzen du. Irudiak ikusten ari zaren bitartean leiho batzuetan azalpenak agertzen dira. Gainera, maila ezberdinetara egoki daitekeen programa eskaintzen du; beraz, eskola leunagoa edo gogorragoa izango da aukeratutako programaren arabera", azaldu digu kiroldegiko Iñigo Murgiondok. 

Aretxabaleta aitzindari

Ibarrakoa Euskal Herrian ipini den lehen eskola birtuala da eta punta-puntako teknologia eta bizikletak erabiltzen ditu: "Egun spinningaren merkatuan dauden bizikleta berrienak erabiltzen ditugu; eskuleku bereziekin".   

Erabiltzaileak pozik

Murgiondoren esanetan, kiroldegiko erabiltzaileek pozik hartu dute nobedadea eta harrituta gelditu dira irudien kalitatearekin: "Iraileko  azkenengo astean ipini genuen martxan eta erantzun ona izaten ari da. Erabiltzaileei atentzioa eman diena da  pantailan eskaintzen diren irudien ikusgarritasuna". 

Bidaiatzeko eta munduko parajeak ezagutzeko aukera merkea da spinningeko eskola birtuala; merkea eta, garrantzitsuena, osasuntsua. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak