Parte-hartzaile asko, teknikoki gogorra zen mendi bizikleta martxan

Miren Arregi Amasorrain 2012ko ira. 3a, 11:52

Duela bi urte antolatu zuen lehenengoz Dorletako Ama txirrindulari eskolak Aretxabaletako mendi bizikleta martxa. Orduko esperientziaz baliatuta, iaz bigarrena antolatu zuten eta berrikuntzekin etorri zen gainera: hala, mendi martxaz gain, Enduro martxa ere antolatu zuten. Halaxe egin zuten atzo ere eta guztira 202 lagunek hasi eta bukatu zuten ibilbidea.

Kopuru polita, antolatzaile Markel Uriarteren esanetan: "Teknikoki nahiko proba zaila da eta horregatik, ez genuen espero horrenbeste jendek parte hartuko zuenik". Aurten, gainera, zaildu egin dute ibilbidea. "Iaz jendeak bide-zidorrak bota zituen faltan eta hori horrela, aurten, ibilbideari goranzko bidexkak gehitzea erabaki dugu. Horrek teknikoki zaildu egin du zirkuitua eta fisikoki ere esfortzu gehiago eskatu die txirrindulariei. Dena den, oso pozik gaude lasterketak eman duenarekin". Gaineratu zuen Uriartek.

Lau ibilbide, lau martxa 

Kategoriak bi ziren, ibilbideak, berriz, lau. Alegia, mendi bizikleta kategoriaren baitan, zirkuitu luzearen (34 kilometro) edo motzaren (25 kilometro) artean aukeratu behar zuten parte-hartzaileek. Berdin Enduron ere; luzeak 24 kilometro zituen, motzak, aldiz, 20. 202 parte hartzailetik 136k martxa normala egin zuten, 66k, berriz, enduro martxa. Zirkuituak toki askotan elkartu egiten baziren ere, Enduro, nola ez, askoz gogorragoa zen teknikoki.  Aretxabaletako plazan hasi zuten ibilbidea. Handik, Mendiolara, gero Kurtzebarri azpitik Areatzara eta handik Urrexolara egin zuten. Urkuluko araztegitik, Aretxabaletako plazarako bidea hartu zuten parte hartzaileek. Lehenak, 12:00ak aldera iritsi ziren, azkenak, 14:30ak inguruan.

Debagoienetik eta kanpotik

Aretxabaletatik 30 lagunek hartu zuten parte; oñatiarrak, bergararrak, arrasatearrak edo eskoriatzarrak ez ziren falta izan. Kanpotik ere etorri ziren; Zarauztik, Donostiatik, Bilbotik edota Burgostik. Baita, Holandatik ere.

Espainiako txapeldunak tartean

Parte hartzaileen artean bazeuden martxatan ohikoak direnak eta lasterketatan lehen postuetan dihardutenak ere bai: esaterako, Iraitz Etxebarria mungiarra, 23 urtez azpiko 2011ko Espainiako txapelduna, edota Daniel Olarra, jaitsierako 2012ko Espainiako txapelduna, Gorlizkoa azken hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak