Dantzak, sua eta tantaia bihar, San Juan bezpera girotzeko

Mirari Altube Arrese 2012ko eka. 22a, 12:28

Udako solstizioari harrera egiteko egitaraua gertatu du Kultura Sailak biharko, San Juan bezpera. Urtero legez sua izango da protagonista, baina dantzek ere izango dute tartea; eta aurten, 1994an jaiotakoek igoko dute tantaia gauerdiaren bueltan. San Juan egunean, ostera, iraz estalita agertuko dira herriko atarte guztiak.

Leizarra musika eskolako kideek Plaza dantza ekitaldiarekin girotuko dute arratsaldea (18:00), eta herritarrak, ume zein heldu, dantzan jarriko dituzte plazaren bueltan. Ondoren buruhandi eta erraldoien txanda izango da, eta txistulariak lagun dituztela etorriko dira. Eta ilunkaran (21:00), dantzaldiari hasiera emango dio Laket taldeak.

Sanjuanetako kalejirarekin hasiko dituzte gau parteko ekitaldiak (22:20); Otalora kaleko 5. zenbakidun atartetik irten eta plazarantz etorriko dira dantzariak. Ondoren Sanjuanetako zortzikoa dantzatuko dute, eta gero sua piztu. Laket taldeak dantzaldiarekin jarraituko du sua itzaltzerakoan.

Tantaia Oro auzo ingurutik

Datorren urtean Santa Ageda neska-mutil izango direnek ere badute zeregina bihar. 1994an jaiotakoak dira, 48 bat, eta zuhaitza Oro auzoko parajeetatik ekartzeko asmoa daukate. Eguerdi parterako plaza ingurura urreratuko dute, eta gauerako gertu utzi. Gauerdiaren bueltan hasiko dira igotzen tantai hori.

Irak atarteetan

Azken urteotan legez iraz estalita agertuko dira herriko atarteak, etzi, San Juan eguna. Ira horiek aurreko egunean moztuko dituzte hainbat herritarrek inguruko basoetan, eta 01:00etatik 07:00etara bitartean atartez atarte banatu. Egurrezko gurutzeak ere egingo dituzte eta atarteetan jarri kalterik sar ez dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak