Loramendiko Sustapena Taldeak pozik bukatu du lehiaketa

Mirari Altube Arrese 2012ko eka. 22a, 10:00

Loramendi elkarteko Sustapena Taldeak joan den abenduan abian jarritako Atxabalta Lehiaketa bukatutzat eman du astean, eta dagoeneko sariak ere banatu dituzte. Amaiur Bergaretxe eta Gotzone Arrese aretxabaletarrek jaso zituzten sariok eguaztenean egindako ekitaldian.

Hamahiru astez –hamabostean behin– Aretxabaletako euskara, historia, geografia eta kulturaren gaineko galderak bota dituzte, aldiko bi, GOIENA paperaren eta Goiena.net webgunearen bitartez. Eta jokoan parte hartu duten herritar guztien artean, bi sari banatu zituzten eguaztenean, Loramendi Elkarteko zuzendari den Eneritz Urrutiak eta Josu Retolaza teknikariak. Amaiur Bergaretxek jaso zuen erantzun zuzen gehien emandakoen saria, Elkar liburu dendako 100 euroko bonoa hain zuzen; eta Gotzone Arresek parte-hartzaile guztien artean zozketatutako saria, Elkar liburu dendako 50 euroko bonoa.

Sustapena Taldeko kideek jakinarazi dute kulturaren gainean egindako txapelketa honek esperotakoa baino erantzun txikiagoa jaso duela. Hala ere, parte-hartzaile gehienen fideltasuna azpimarratu eta eskertu dute: "Horregatik saritu biak ez ezik parte hartu duten guztiak zoriondu nahi ditugu".

Musika Zaparradak arrakasta

Era berean, Sustapena Taldea oso pozik dago Euskararen Egunean egin zen Musika Zaparradak izan zuen arrakasta itzelagatik. "Hori dela eta Sustapenak egun horretako musika sortzaile guztiak txalotu nahi ditu, prestatutako errepertorio bikain eta aproposagatik eta baita puntualtasunagatik ere". Eta inor ahaztu barik guztiak izendatu dituzte: Basotxoko erretiratuen abestaldea; Krisis; Igor Sanjuan; Iñaki Sagasta; Lide eta Lur; Freedom boys; Aretxabaletako Abesbatza; Trikitixa taldea; Aretxabaletako txistulariak; Aretxabaletako gaitariak; Zast! kontakizun musikatua; No Hope; Interprete Desconocido; Gorka musika elektronikoa; Sarraski deia; eta Gazte iraultza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak