Ipuin musikatu arrakastatsua Basabeazpin

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko mar. 16a, 17:09

Ipuin musikatua egin dute gaur Aretxabaletako Arizmendi ikastolako Basabeazpi gunean. Bi eta sei urte bitarteko umeek Gasteizko musika kontserbatorioko musikari batzuen laguntzarekin abestu dute, eta haurrendako esperientzia berria oso polita izan da. Musika, kantu eta itzalen bitartez kontatu dute istorioa.

Goizean ekitaldi berezia izan dute Aretxabaletako Arizmendi ikastolako Basabeazpi guneko umeek. Bi eta sei urte bitarteko haurrek ipuin musikatua egin dute Gasteizko musika kontserbatorioko musikari batzuekin batera.

Kantu Kontari izeneko irakaskuntza proiektutik hartu dute gaurko ipuina eta euskal kantu herrikoiak eta Mozart-en doinuekin sokazko instrumentu batzuk aurkeztu dituzte: biolina, biolontxeloa eta biola.

Azken asteetan Basabeazpiko umeak ipuineko abestiak entseatzen ibili dira.

Proiektuan parte hartu dute umeek, irakasleek eta baita gurasoek ere. Nagore Olabe irakasleak esan digu gaur umeek azken asteetan landutakoa beste modu batera ikusi dutela eta eurendako sorpresa izan dela.

Esperientzia polita izan da bai, duda barik, etxeko txikitxoendako gaurko ipuin musikatua. Guztiek adi-adi jarraitu dute ipuina eta gustura abestu dute zuzeneko musikarekin.

Bestalde, Marta Agirre Gasteizko kontserbatorioko errepertoristak eta ipuinaren egileak esan digu txikitatik komeni dela kalitatezko musika denon bizitzan egotea.

Gaurko esperientzia oso positiboa izan da Aretxabaletakoendako eta Gasteizkoendako. Beraz, ez dute baztertzen aurrera begira horrelako ekitaldi berezi gehiago egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak