Bluetooth teknologia erabiltzen du Udalak herritarrak informatzeko

Mirari Altube Arrese 2011ko mar. 18a, 15:17

Bluetooth teknologiaz egokitutako hiru gune ditu Aretxabaletako Udalak 2009ko ekainaz geroztik: Leintz udal euskaltegia, Zainduz gimnasioa eta Durana kaleko lokal bat. Hala, herrian antolatzen diren zenbait ekintzaren gaineko informazioa jasotzen dute herritarrek poltsikoko telefonoetan.

Distantzia txikiko alanbrerik gabeko sarea duen teknologia da bluetooth. Informazioa jasotzeko, bluetooth guneetatik gehienez 10 metrora pasatu behar da, mugikorraren bluetooth sistema piztuta eduki eta momentu horretan eskaintzen den informazioa jaso nahi dela adierazi. Teknologia proiektu horren bidez aretxabaletarrek bi astean behin “gif” animatu erako komunikazio aplikazioak jaso ditzakete telefonoan, eta urtean hirutan jaietako egitarauak deskargatu –Aratusteetakoa, Andramaixetakoa eta San Migeletakoa–.

Egokitutako hiru gune horiez gain, Arkupe kultur etxean ere badago beste bat, Arkupen bertan antolatzen diren ekitaldien berri ematen duena.

Samurra eta erosoa

Udalak iazko erabilera kopuruen berri eman du: 2.982 aldiz onartu zuten herritarrek euren poltsikoko telefonoetara bidalitako informazioa eta 67.830 poltsikoko telefono detektatu ziren bluetooth sistema piztuta zutela.
Inaxio Garro alkatearen esanetan, “hurbiltasunerako komunikazio estrategia" da teknologia hau erabiltzea, "poltsikoko telefonoa erabiliz, herritarrekiko harremana erraztu egiten da, erosoago bihurtu, eta gainera,  ekonomikoa da eta guztiz ekologikoa”.

LMInteractiva Donostiako enpresak jarri du abian teknologia mugikorren proiektu hori gurean, eta beste aplikazio batzuk ere abian jartzekotan dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak